Guk gizon-emakumeok barru-barruan daroagun bizi-egarriak eraginda, jakina,
gure bizitzarekin heriotzarekin baino gehiago arduratzen gara. Sekulan hilko ez
bagina lez bizi gara, baina gure bizitzan ezer egiarik bada, heriotza bai,
behintzat. Heriotza, barriz, geroko bizitzaren itxaropen barik, kanposantuko
hilobietako harriak baino hotzagoa izango litzateke. Gainera, heriotz ondorengo
bizitzaren itxaropen barik, ez bizitzak ez heriotzak ez leuke zentzunik izango.
Heriotzarekin dana amaituko balitz, barriz, gizon-emakumeon bizitza porrot
handi bat izango litzateke.
Euskal Herriko aitzulo eta mendietan antzina-antxinako hilobi, hilarri eta
irudi asko aurkitu dira. Gure asaben aldietako ezaugarri honek zehatz-zehatz
aztertu dira eta aztertzen dihardue gure asaben ohitura, pentsakera, bizitza
eta izatea hobeto ezagutzeko. Aztertzaile honen artean Joxe Migel Barandiaran
maixua izan zan eta hona hemen nik berari entzundako berbak: “Euskalkunak beti
adoratu izan dabe Jaungoikoa eta, euren hilobi eta hilarriak testigu dirala,
beti eduki dabe geroko bizitzaren itxaropen sendo bat.
Gure asaben ikasbideari jarraiturik, zorionez, Jaungoikoa sinisten
dogunontzat heriotza ez da gauza guztien azkena, benetako bizitzaren hasiera
baino. Heriotza Jaungoikoarekin bat egiteko atea da. Horregaitik, euren ustea
Jaunagan ipinita daukenentzat heriotzak bere mingoztasuna galdu egiten dau.
Horrez gainera, guk kristauok beste ziurtasun bat daukagu: Jesukristoren
berbizkundea. Izan ere, Jesus berbiztuari esker, badakigu Jainkoak bizitzarako
egin gaituala eta ez heriotzararako; Jainkoak bizitza maite daualako. Jesus
berbiztuari esker, badakigu Jainkoak errubako biktima guztiei justizia egiten
deutsela eta mundu honetako gurutzatuekin identifikatzen dala, inoiz ere ez borreroekin.
Orain badakigu Jainko-Aitarenganako bidean, gure heriotzako orduan, ez
gagozala bakarrik, bide honetan Jesus berbiztuak laguntzen deuskula. Azken
baten Jesus berbiztua da bizitzaren eta heriotzaren Jauna. Hona hemen Jesusek
esandako berba harrigarriak: “Neu naz berbizkundea eta bizitza; Niregan
sinisten dauana, hilarren ere biziko da; eta Niregan sinistuez bizi daitena, ez
da egundo hilgo”. (Jn. 11, 25). Fede honen eraginez guk kristauok holan
abestuten dogu hileta elizkizunetan:
Gaur senide hau igaro jaku bizi barrira hemendik.
Azken arnasa emon dau eta eroan dozu gugandik.
Sinisten dogu, ziur gagoz gu, bizi jakula oraindik.
Hil eta piztu zarala, Jauna, sinisturik gagoz egiz.
Gaur misterio bizigarri hau ospatu nahi dogu barriz.
Lagun hau beti argitu bedi zure Pazkoaren argiz.
Garitaonandia
eta Sardui´tar Jesus
Begoñako Santutegiko Erretora
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina