Jesus Garitaonandia |
Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako lehenengo Lehendakaria pertsona lez, kristau lez eta politikari lez gizon miresgarria izan zan. Baina badakit gure Lehendakariaren kualitate eta birtuteak azaltzeko ni baino pertsona
trebeagoak izango dirana.
Horregaitik artikulu labur honetan nik bere kristau bizitza aurkeztuko dot;
baita Begoñako elizearekin izan zituan harreman batzuk ere.
Kristau familia baten jaio zan. Bera hamar seme-alaben
artean zaharrena. Batxilerreko ikasketak Urduñako Jesuiten ikastetxean egin
zituan. Gero Deustuko Unibertsitatera pasatu zan eta 21 urtekin amaitu zituan
Zuzenbide Zibileko Ikasketak bikaintasunik haundienarekin.
Harritzekoa da, baina gazte-gazte zala ardura biziz bizi
zituan fede arazoak eta Eliza Katolikuaren Gizarte Arazoetako dotrinea. Urte
askotan Bizkaiko Ekintza Katolikuaren presidentea izan zan. Urtero-urtero
gogojardunak egiten zituan Loiolako Gogarte-etxean. Bizkaiko eta Nafarroako
Diputatu zala, Madrileko Gorteetan kristau fedea, erlijioen libertatea eta
Eliza Katolikuaren gizarte arazoetako dotrina argi eta garbi defendatu zituan.
Gure Agirre Lehendakariak, bilbotarra izanik, harreman oso estuak izan zituan Begoñako Santutegiarekin. Azpimarratzekoa da: Agirre eta Lekube´tar Jose Antonio, Begoñako eliza honetan ezkondu zala Zabala eta Aketxe´tar Mariarekin 1933ko uztailaren 8´an.
Baina ba-da beste gertaera historiko bat, pertsona gitxik
dakiena eta Begoñako eliza honetan 1936ko urriaren 7an ospatu zana, hau da,
Euzkadiren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko leialtasunaren zina
(juramentua). Honan izan ziran emon ziran pausoak:
Gernikako arbolaren azpian, Euzkadiko Euzko Jaurlaritzako
lehenengo Lehendakari lez zina egin baino ordu batzuk lehenago eta Agirreren
beren-beregizko borondatez, Begoñako elizako altara inguruan alkartu ziran
Euzkadi-buru-batzarreko kideak Jose Antonio Agirre buru zala. Meza santuan
parte hartu ondoren eta mezea amaitzerakoan, mezan konsagratutako Gurejauna
kustodia baten ipini eben eta elizbira labur bat eginez danak igo eben
Amabirjinaren ondoko kamarinera eta han, Gurejaun-Agiriaren aurrean
belaunikatuta, Agirre jaunak zin hau egin eban:
Gurejaun-agiriaren aurrean,
autortzen dodan fede katolikuari
leialtasuna izango deutsadala,
Eliza santu, katoliku eta apostoluenaren irakatsiak
jarraituz et abetez,
zin dagit.
Euzkadi, nire Aberriari,
leialtasuna izango deutsadala
zin dagit.
Eta Euzkadi-Buru-Batzarreko
legezko agintari bakarrak erabaki dagien
neurri, une eta egoeretan
Euzkadiren serbitzuan
eskaintzen dot nire bizia.
Bihotz-bihotzez,
Gurejaun-agirian aurkitzen dan
Jaungoikoaren aurrean
Zin dagit.
Zin hau Begoñan eginda gero, Gernikara joan zan, Euzkadiko Eusko
Jaurlaritzako lehenengo Lehendakari lez,
Gernikako Arbolaren azpian, danok ezagutzen dogun zina egiteko:
JAUNGOIKOAREN AURRIAN APALIK,
EUZKO-LUR GANIAN ZUTUNIK
ASABEEN
GOMUTAZ
GERNIKA´KO ZUAIZPIAN
NIRE AGINDUBA ONDO BETETZIA
ZIN DAGIT.
Holako gizonak, Jaungoikoari eskerrak emoteko gizonak dira, baita gure
bizitzarako ikasbide zintzo eta jatorrak ere.
Garitaonandia eta Sardui´tar Jesus
Begoñako Santutegiko Erretora
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina