Aita Santu barri bat dogu!! Eta pozteko arrazoi asko dagoz: pertsona apala, azkenengoen hurbila, hegoamerikarra, jesuita … Aita Santu barri honek Frantzisko izena hartu
dau. Eta aukeraketa hau oso esanguratsua da kristauentzat. Guztioi bi
Frantzisko datozkigu burura. Bidean.net webgunean euren bizitzak topatu
daikeguz :
Asisko San Frantzisko:
Italiako Asisen jaio zan 1182. urtean; eta 1226. urteko
urriaren 3an hil zan. Bere eguna urriaren 4an ospatzen da. Frantziskotarren
sortzailea izan zan; eta geroago Klaratar monjena ere bai.
Merkatari aberats baten seme izatetik pobretasun gorrian
bizitzera jo eban bakardadeko bizitzan, bere buru eta bihotz Ebanjelioari
lotuz. Gaztetan munduko sasi-artean katigu bizi izan zan, alperkerian eta
nasaikerian. Halan ere, diru kontuan bihotz eta eskuzabal agertu zan beti, bai
txarrerako eta bai onerako.
Asisko San Frantzisko |
24 urteko zala, giro horretatik aldenduten hasi zan,
burumakur eta pentsakor. “Zer, ezkontzeko arduraz kezkatuta ala?”, itandu
eutson mutil bati, halako erantzuna emon eutson: “Bai, horixe bera: ezkontzekotan
nabil, eta eskeini naiakon emaztea hain da ederra, hain ona, hain aberatsa, zuk
holangorik ez dozu sekula ezagutu”. Goi argiz ezagutu eban Eleizea zan
emaztegai hori.
Aitak inun diranak egin ebazan, semeari burutik amets
horreek kentzeko; abade eta gotzain arazo horretan sartzeraino. Baina alperrik,
Frantzisko berean gero eta sendoago. Jantzi eta apainkeri guztiak gotzainaren
eskuetan itzita, bakardadera jo eban. Ermitatxo zahar baten aurkitu eban
gordeleku bat, Kurutze ederra erdian ebala. Bere aurrean otoitzean egoala,
Kurutzeko Jaunak dei egin eutson: “Frantzisko, zoaz eta erabarritu egizu nire
Eleizea, dana bertan behera hondatua dago-ta”. Baina ez zan San Damian
ermitatxoa bakarrik; Eleiz bizitza osoa egoan lurjota; hori zan Jaunak bere gain
ipinten eban arlo ederra baizen astuna.
Frantzisko gazteak hartu eban bidea, bai zuzena eta garbia,
baina latza. Uste baino lehenago batu jakozan hainbat gazte, bizibide barrian
lagun izan gurarik. Baina Frantzisko
eukan garra behar barruan; laster sortu jakozan eten-urratuak lagunartean.
Frantziskok aurrera egin eban, hasibarri zan lagunartea zuzentzeko Erromara jo
eban laguntza eske. Espirituak eraginda, Jesus beraren irudi bizi bihurtu zan
Frantzisko: Jaun Kurutzeratuaren zauriak ezarri jakozan gorputzean, otoitzean
su ta gar egoanbaten. Izan ere, hori zan bere ardura nagusia.
Geldiezina bihurtu zan: Erromara, Aprikara, Jerusalenera,
Konpostelara etabar bideak jorratu ebazan. Gaixoak, legenardunak, baztartuak
ziran bere lagunak, euren artean harrigarriak eginez. Aingeruzko kontenplalari
bihurtu zan, zeru-lur-itsasoetako gauza guztiak anai-arrebatzat hartuz. Eta
bakezale eta bakegile aparta izan zan. Gaur ere gure artean sarri erabilten
dogu harako bere “Bake-otoitza”.
Jauna, egin gaizuz zure bakearen zerbitzari.
Gorrotoa nagusi dan
lekuan,
guk maitasuna jarri
daigula,
iraina nagusi dan
lekuan, barkamena jarri daigula,
haserrea nagusi dan
lekuan, batasuna jarri daigula,
gezurra nagusi dan
lekuan, egia jarri daigula,
zalantza nagusi dan
lekuan,
sinismena jarri
daigula,
etsipena nagusi dan
lekuan,
itxaropena jarri daigula,
ilunpean nagusi dan
lekuan, argia jarri daigula,
tristura nagusi dan
lekuan poztasuna jarri daigula.
Gure jokabide izan
dadila, Jauna,
ez gu poztuak izatea, guk poztu daigula baino,
ez gu onartuak
izatea, onartu daigula baino,ez gu poztuak izatea, guk poztu daigula baino,
ez gu maitatuak izatea, maite daigula baino.
Izan ere, Zuk
erakutsi deuskuzu, emotea dala,
hartzaile izateko bide;
norberaz ahaztea dala, nork bere burua aurkitzeko bide;
eta hiltzea dala guretzat, betiko bizitzara berbizteko bide.
norberaz ahaztea dala, nork bere burua aurkitzeko bide;
eta hiltzea dala guretzat, betiko bizitzara berbizteko bide.
44 urteko zala hil zan, baina mundua Jesusen usain gozoz bete ondoren. Gizaldietan zehar bizirik dirau San Fantziskoren aztarrenak.
XABIERKO FRANTZISKO, Xabierko gazteluan jaio zan 1506.
urtean; Jassutar Joan eta Azpilikuetatar Maria izan ebazan guraso, Naparroako
jatorri ospetsuaren babesean. Urte berean hil zan Colon, mundu barria aurkitu
eta Ebanjelioarentzat ere bide barriak zabaldu ondoren. Urte batzuk geroago,
Xabier santuak zabalduko ebazan sortalderako Ebanjelioaren bideak, India eta
Japon lurraldeetara.
Bere aita Naparroako erregearen kontseilari izan zan, eta
Kastilarrak Naparroa menderatu ebenean hil zan. Bere anaiak su ta gar zaindu
eben lurralde hau, Iruina eskuratzea lortu eben (Loiolako Inazio Kastilatarren
buruzagi zala).
Parisera joan zan gazterik ikasketak egitera, gogo beroz eta
burua argiz filosofiako maisu distiratsua izatera helduz.
Xabiereko San Frantzisko |
Hasieratik bere misiolari garra eutsi ezinik, Indietara jo eban eta 1542. urtean heldu zan Goara. Halako sailak aurrean ikusita, Xabier geldiezina zan: bertako hainbat hizkuntzetara jarri ebazan kristau sinismeneko egiak eta otoitzak. Harritzekoak egin ebazan misiolari lanetan: ezin-zenbatu ahala bateatuak, astunak eta arriskutsuak bere gain Eleizeak jarritako arazoak (Aita Santuak bere ordezkari izendatu eban Sortalde osorako).
Eta 1552. utean, abenduaren 3an hil zan Xabier, 46 urteko
zala. Bere heriotzako ataltxo bi azpimarratuko doguz: hilten egoala ahopean
otoitzean ziharduala, inok ulertzen ez eban hizkuntzan entzun eutsoen; askoren
ustez Euskeraz; zeozegaitik da Euskeraren zaindari; eta bigarrena, Xabier
hilten egoala, Xabierko gazteluko Santokristoak odol tantak ixuri ebazala.
Xabiereko San Frantzsikoren Misiolari Bidaiak |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina