Bihar, Sortze Garbiaren eguna da eta, abenduaren 8an, urtero lez,
gure Elizbarrutiak Seminarioaren eguna ospatuko dau. “Izan fede! Bizia
emongo deutsut” goiburupean, Bizkaiko eliza guztietan batzen dan dirua
bokazino pastoraltzarako izango da.
Seminario eguna dala-eta, on Mario Izeta gotzainak gutuna idatzi dau,
aurtengo jardunaldia Fedearen Urtean ospatzen dala gogoratuz.
“Ebanjelizazino barriaren eragilea –dino gotzainak bere idazkian- bat
bakarra izan daiteke: Jesukristo. Kristinau bokazino guztiak, azken
batean, Jaungoikoaren eta anai-arreben aldeko zerbitzuan islatzen dan
maitasun hori bizitzea dira”.
Hiru abade barri
Aurton Elizbarrutiak hiru abade barri daukaz. Joan dan ekainaren
24an, Oscar, Jovaisa eta Ignaciok heziketa ibilbidea amaitu eben eta
abade egin ziran. Orain, abade ministerioa gauzatzen dihardue
Santurtzin, San Adrian-Miribilla eta Leioan, hurrenez hurren.
Kronika
Kronika agerkaria kaleratu dabe Seminarioaren egunerako eta hainbat
datu eta barri emoten da bertan. Esate baterako, 2012-2013 pastoral
ekiturtean, hiru abadegai barri sartu dirala elizbarrutiko Seminarioan:
Miguel, Carlos eta Alex. Hirurek euren aurreko egitekoak itzi dabez eta
heziketa prozesuari ekin deutse Seminarioan. Miguel espainolezko
irakaslea zan Taiwanen, Carlos abogadua eta Alex medikuntza karrerako
bigarren kursoan egoan.
Hiru abadegai barri honeei, aurreko kursoetatik seminarioan dagozanak
gehitu ezkero, guztira bederatzi gazte ari dira Ordenaren sakramentua
hartzeko prestatzen. Heziketa prozesuari jagokonez, abadegai horreek
hiru etapatan banatuta dagoz: lehenengoan, 4 abadegai, bigarrenean,
beste 4 eta hirugarrenean 1.
Egoitza barria
Kurso honetan, elizbarrutiko Seminarioaren egoitza barria inauguratu
da, Zabalbide kaleko 92. zenbakian, “El Refugio” deitura emoten jakon
etxearen zati baten. Egokitze lanak egin ondoren, joan dan urriaren 11n
inauguratu zan seminario barria.
Bizkeliza webgunetik hartuta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina