Jesus Garitaonandia |
Elizarik garrantzitsuena, ba, katedrala dogu, baina
Bizkai guztian, erakarpen haundiena daukan eliza, Begoñako eliza da. Bizkaitar
guztiak, antzinatik, izugarrizko txera eta debozinoa izan deutsoe Begoñako
Amabirjinari. Bizkaitarren debozio hau dala eta, Gernikako Arbola azpian batutako
Batzarre Nagusiek, 1735ko ekainaren 18an, Begoñako Andra Maria Bizkaiko
Jaurerriko zaindari izendatu eben.
Debozio hau dala eta, aipatzekoak dira, historian zehar,
Amabirjinaren irudiaren jaitsierak Bilboko urira egoera larrietan, adibidez,
uholdeetan, suteetan, izurriteetan eta bilbotarren estualdietan, bere laguntza
eskatuz. Era berean, gogoratzekoa da, 1949. urtean, Amabirjinaren irudiaren
kopia bategaz Bizkai guztian zehar egindako ibilaldia. Harritzekoa izan zan
Bizkaiko herri guztiak egin eutsoen harrera goragarria.
Gaur egun, izugarrizko jendetza etortzen da Begoñara,
batez ere, Abuztuaren 15an (Amabirjinaren Zeruratzearen jaian) eta Urriaren 11an
(Begoñako Amaren jai liturgikoan). Abuztuaren 15rako, bezpera gauaz, ehundaka
pertsona etortzen da erromes Bizkaiko bazter guztietatik eta Bizkaitik kanpoko
herri batzuetatik goizaldeko 4tako mezan, parte hartzeko. Gero, egun guztian
zehar, ordurik ordu, izaten dira mezak: danak jendez josita. Aipatzekoa da,
antzinako ohitura bati jarraituz, Alkate jauna eta nahi daben zinegotziak,
eguerdiko mezara, Gotzain jaunak emoten dauan mezara etortzen direla. Ohitura
polit honek, nik uste, zerikusia dauala Bilboko jaiekin. Hain zuzen, Bilboko
jaiak, Begoñako jai honen hurrengo zapatuan hasten dira.
Begoñako Amaren jai berezia urriaren 11an ospatzen da.
Gehienetan asteguna izaten da, hala ere, Begoñako Penitentzi Anaidiaren
ahaleginei esker, azken urteotan, izugarrizko jendetza etortzen da Begoñara,
egun honetan, Amabirjinari otoitz egitera.
Bada beste aldi bat Begoñara jende asko etortzen dana:
maiatza. Maiatza beti izan dogu Amabirjinari eskainitako hila eta jende
askorentzako arrazoi polita izaten da Amabirjinari ikustalditxo bat egiteko.
Horrez gainera, Bilboko eta inguruetako ikastola eta kolegioetako ume, gaztetxo
eta gazteak etortzen dira euren lore-eskaintzak, Jainko Hitzaren liturgiak edo
Eukaristiak ospatzera Amabirjinaren oinetan. Honela, Amabirjinaganako debozioa
sortzen da eurakan. Azken
urteotan asko ugaritu dira beste bizitatzaile barri batzuk: Santixauren Bidea
egiten diharduenak, “Itsasaldeko Bidea” esaten dana. Larrabetzuko Goikoelexeatik, Lezamatik,
Zamudiotik, Zamudiotarren Galtzadatik Begoñara etortzen dira eta hemendik
Bilboko Santixauren elizara bialtzen doguz.
Baita turistak ere gero eta ugariagoak dira Bilbon eta
Begoñan. Ondo etorriak izan daitezala. Gehienetan euren gidariekin etortzen
dira eta eurak azaltzen deutsez Begoñako Santutegiko zertzelada batzuk.
Adibidez, Amabirjinaren irudia XIII-XIV.
gizaldikoa dala; oraingo eliza XVI. gizaldikoa. Bederatzi margoak Murilloren
ikasleen kopiak dirala. Koruan, 1884. urtean, Cavaille-Coll ospetsuak egindako
organu ederra dogula. Dorrea, lehenengo karlistadan apurtu zan ezkero, oraingo
dorre barria 1902tik 1907ra bitartean eregi zala.
Edozelan ere, zorionean, Begoñako elizan beti dago jendea. Asko ala gitxi,
baina beti dago jendea, otoitz egiten, gogoeta egiten, limosna emoten, kandelak
biztuten, koadroak eta irudiak ikusten, musika entzunez bakez egoten, atseden
pixka bat hartzen Begoñako Amaren oinetan. Hori gauza ona da. Santutegi guztiak
euren kutsua dauke bakea eta atsedena aurkitzeko. Baita gure elizak ere.
Begoñara datozen guztiak ondo ere ondo hartzen ditugu eta ondo esaten
deutsegu hurrengoan ere etorri daitezen. Horrez gainera ahaleginak egiten ditut
Santutegi honetatik inor esku-hutsik joan ez daiten, eta hola esaten deutset:
Begiratu Amabirjinari. Begiratu egiozue ondo. Esan daiteke holan berba
egiten deuskula: Hemen ipini nozue eliza honetako protagonista banintz lez,
baina ni ez naz hemengo protagonista. Hemen egiazko protagonista neure belaunen
gainean daukadan Haurtxo hau da: Jesus. Berau da gure Salbatzailea. Berau da
gure bidea, egia eta bizitza. Hurbildu zaiteze Beragana eta jarraitu egiozue.
Horixe da kristau izatea, Jesusi jarraitzea.
Amabirjinaren bitartekotasun hau oso ona da Jesusengana hurreratzeko,
horregatik abesten deutsagu Amabirjinari abesti hau:
Ama maite Maria, egiguzu lagun
Zure bitartez Jesus ikusi dagigun.
Garitaonandia eta Sardui´tar Jesus
Begoñako Santutegiko Erretorea
JARRAITU JESUS DE GARITAONANDIAREN ARTIKULOAK ARGITARATZEN, OSO INTERESGARRIAK DIRA ETA.
ErantzunEzabatu