2012/03/27

Lan erreforma eta greba orokorrerako deialdia dirala-ta

Langile Pastoraltzarako Elizbarrutiko Idazkaritzak oharra kaleratu dau, besteak beste, Gobernuaren ekimenez Diputaduen Kongresuan oraintsu onartu daben lan erreformarako lege-dekretua gogora ekarriz. “Sindikatuek martxoaren 29rako greba orokorra deitu dabe, erreforma horren aurkako jarrerea adierazoteko, langile guztien eskubideentzat atzeragarritzat joten dabelako eta, ekonomia eta finantza krisialdiaren eraginez, indarrean jarten diharduen neurriei gehitzen jaken beste neurri bat dala uste dabelako.


Langile Pastoraltzarako Elizbarrutiko Idazkaritzako arduradunek lagungarri desbardinak eskaini dabez, aitatutako dekretuaren oinarrizko edukinak ezagutzera emoteko eta erreformaren beraren eta greba orokorrerako deialdiaren balorazino batzuk egiteko.

Horretarako, material honeek aurkezten dabez erreferentziatzat: Donostiako Gizarte Idazkaritzaren eta Justizia eta Bakearen “Zer lortu gura da lan erreformeagaz?” eta “Greba orokorrerako deialdia” dokumentuak; Demokraziarako Epaileek lan erreformea dala-ta atera daben agiria eta Bizkaiko HOAC eta JOC mobimentuen agiria: “Lana gizatasunez beteteko greba orokorra”.

Gainera, Benedikto XVI.aren “Caritas in Veritate” azken entziklikatik ateratako testu bi be nabarmendu dabez:


- “… beste ezer baino lehen jagon eta baloratu behar dan kapitala gizakia, persona bere osotasunean, dala gogoratu behar jake danei, batez be munduko ekonomia eta gizarte ordenari itxura barritua emoteaz arduratzen diran agintariei: gizakia dalako bizitza ekonomiko-sozialaren egilea, bihotza eta helburua” (25. zenb.).

- “Zer adierazoten dau “ganorazko” berbeak, lan arloari ezarrita? Edozein gizartetan, gizon edo emakume guztien funtsezko duintasunaren adierazpena adierazoten dau: askatasunez aukeratutako lana; gizonezko eta emakumezko beharginak eraginkortasunez batuko dituan lana; bazterketak saihestuz, langile guztiak errespetuz hartzea ekarriko dauan lan; familien beharrizanak aseko dituan eta, derrigorrez lan egitera joan behar barik, seme-alaben eskolatzea ekarriko dauan lana; langileei askatasunez antolatzea eta euren ahotsa entzunarazotea ahalbideratzen deutsen lana; bakarka, familian eta espiritu arloan norbere sustraiakaz egokitasunez berraurkitzeko aukerea emongo dauan lana; jubilazinora heltzen diran beharginei bizi baldintza duinak ziurtatuko deutsezan lana” (63. zenb.).

Eta Vatikanoko II. Kontzilioak greba orokorraren inguruan dinoana be gogora dakarre:

- “Lehenengo batzuen eta besteen artean beti egiazko elkarrizketara jo behar bada ere, oraingo egoeran grebara jotzea beharrezko baliabidea izan liteke, besterik ezinean erabiltzekoa bada ere, nork bere eskubideak babesteko eta langileen bidezko helburuak erdiesteko” (G.S. 68. zenb.).
Eta baita “Ekonomia gizakiaren esanetara” gure Gotzainen 2011ko Pastoral Idazkitik hartutako testu bat be.

- “Ezin dugu burua ezkutatu gertatzen ari denaren aurrean eta, are gutxiago, beste alde batera begiratu, hainbeste lagunen sufrimenduaren aurrean ezikusiarena eginez. Hain zuzen ere Berri Ona iragartzeko eta gatz eta argi izateko deia jaso dugulako, gaur egungo egoerari buruz gogoeta egin behar dugu, ulertzen eta zuzen epaitzen saiatu, behar dena aldatzeko bihozberritze sakonari ekin eta, batez ere, elkartasuna gauzatu krisiaren ondorioak jasaten dituzten pertsona guztien alde” (1.go zenb.).

“Langileen munduan azaltzen dan Eliza lez, gaur egungo inguruabarretan, bidea alkarregaz egitea eskatzen deutsegu agintari politikoei, gizarte eta ekonomia ekintzaileei, langile guztiei eta gizarte osoari eta batez be kristinauei, krisi ekonomiko hau eragin daben arrazoiak ezerezteko eta, aldi berean, gizakiei egundoko sufrimentua, gizatasuna galtzea eta pobretasuna dakartsezan egitura ekonomiko eta sozialak gainditzeko. Asko dago jokoan”.

Amaieran zera ohartarazoten dabe: “gaur egun doguzan datuen arabera, ezin gara baikorregiak izan etorkizunari begira. Garrantzitsua da greba orokorraren ostean dana atzean ez iztea. Guzti honen inguruko gertaerak hurbiletik jarraitu behar doguz, erreforma honetan sakondu egin behar dogu, laneko eskubideen autortzan gertatzen ari diran atzerapenak agertzera emonez, krisiaren, behin-behinekotasunaren, langabeziaren... ondoriorik gordin eta latzenak jasaten dabezanei lagundu behar deutsegu... Horretarako, gogoetarako guneak sortu behar doguz, topaketa monografikoren bat, gela sozialen bat antolatu, errealidade horreek agertzera emoten lagundu, gure alkartasuna erakutsi... badakizue laguntzeko prest gagozana”.

Honako helbide honetan be aurkitu daikezuez lagungarriak: www.bizkeliza,org/pobrera.

Bilboko elizbarrutiko webgunetik hartuta: bizkeliza.org

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina