2012/02/28

Bakea eta Adiskidetzearen aldeko Otoitzaldiko homilia

Anai-arreba maiteok.

1. Zoriontasunek Kristogan barritasuna jadetsi dabenen lekukotasun biziaren erakusle dira. Zoriontasunen artean, bakegileei jagoke bat: “Zorionekoak bakezaleak horreei Jaungoikoak bere seme esango deutse-ta” (Mt 5, 9). Zoriontasunak aldarrikatuz, maitasunaren lege barria nabarmendu da lege zaharraren gainetik. San Paukok inoanez, “norbait Kristogan badago, izaki barri da; zaharra zana igaro da; barriztu egin da guztia” (2 Kor 5, 17). Jesusek gizakien arteko hartu-emon barria hasten eta ahalbideratzen dau: “zure lagunurkoa zeure burua lez maite izango dozu” hori agindu barriak gainditu dau: “maite eizue alkar Nik maite izan zaituedan lez”. Ez hori bakarrik, Jaunak dinoskunez, Jaungoikoaren seme eta alaba izateak arerioak maitatzea eta jazarten gaituenen alde otoitz egitea eskatzen dau (ik. Mt 5, 44).


2. Jesusek badaki maitatzeko era barri hau gauzatzeko ezinbestekoa dana gizadiaren barritze sakona. Holan, Bera, heriotzaraino, kurutzeko heriotzaraino apaldu eta beheratu zan. Kristok giza samin eta oinazearen sakoneraino jatsi gura dau, handik, gure gizatasuna erabat barritzeko, samin eta heriotzaren leizetik bizia sorraraziz: “Geure nekeak hartu dauz gainean eta geure minak eroan” (Is 53, 4). Isaias profetak Jaunaren Morroiaz egiten deuskun deskribapen zirraragarri honek erakusten deuskunez, Jaungoikoaren Semeak, gure haragia bere eginez, bere gain hartzen dau txarkeria eta bidebakokeria guztia. Beretzat ez dira ezezagunak gizadiaren iluntasun eta saminak, solidario egiten da, azken muturreraino egin be, sufrimentu guztien eta heriotzaren beraren aurrean.

3. Isaiasek mirespenez hots egiten dau gero: “Haren zauriek osatu gaitue” (Is 53, 5). Jaunaren Pazko misterioak zauria sendakuntza bihurtzen dau, oinazea poztasun, heriotza bizi. Kurutzean hildako Jesusen zauritik ura eta odola sortzen dira, biziaren iturria, betiko bizirainoko jauzia egiten dauan ur biziaren iturria. Hilobiaren sakonetik sortzen da berbizkundearen iragarpen argitsua eta hasierea emoten jako kreazino barriari. Bere zaurietan geureak jaso ziran eta horreetatik, Kristogan, indar eta itxaropenez betetako bizi barria birsortzen da.

4. Asteko lehen egunean, ikasleak, bildur ziralako, ateak itxita egozala, Jesus agertu jaken, eta zauriak, eskuak eta saihetsa, erakutsi eutsezan. Anai-arreba maiteok. Gaur be, hemen eta orain, Jaunak bere zauriak erakutsi gura deuskuz, bakez eta itxaropenez bete gaitezan. Zure zauriek osatu gaitue! Kristori esker, enbor zahar eta sikua biztu egin daiteke. Aukera ona dogu, gorroto, indarkeria eta banaketaren gainetik maitasuna, parkamena eta adiskidetzea garaitu daitezan. Esku horreei eta saihets horri ikusi behar deutsegu, adiskidetzerako bideari erabagiz ekiteko. Jesusen zauri horreetan ikusten doguz, batez be, terrorismoak eta bidebako indarkeria guztiek eragin dabezan zauriak eta heriotza gordintasun betean jasan dabezan guztiak. Kristo da pazkoko Biktima eta Beragan jasoten dabe biktimek Jesusen maitasunaren besarkada eta bere eskaintzari betiko lotuta geratzen dira, euren odola ez dala alperrekoa izan berretsiz. Euren gomuta, euren familiei lagun egitea, justiziak eskatzen deuskun zerbait da eta baita eskerroneko eta autorpeneko testigantza iraunkorra be; ezinbestekoa da, gainera, gizartean adiskidetzea egon daiten.

5. Eta esan eutsen: “Bakea ixten deutsuet, neure bakea emoten deutsuet; ez deutsuet munduak emoten dauanez emoten” (Jn 14, 27). Jaungoikoak emoten deuskun bakea, euren hutsegite eta pekatuak autortzen dabezanen, euren bihotza barritzeko prest dagozanen aldeko harrerea da. Bakea, Jaungoikoak emoten dauan eta gizakiak landu behar dauan doe lez, Espirituak eraldatutako bihotz barritik sortzen da. “Hareen gainera arnasa eginda, hauxe esan eutsen: Hartu eizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatu deiozuezanei, parkatuta geratuko jakez” (Jn 20, 22). Espiritu Santuak eragiten dau bihotzbarritzea eta berak ahalbideratzen dau bakegintza. Bakea Jaungoikoagandik dator baina ezinbestekoa da gure lankidetza, frutua emon daian. Jesusek begiespenerako deia egiten deusku: “Ni lehengoa eta betikoa naz, eta bizi dana eta hila izan zana; eta orain gizaldien gizaldietan bizi naz” (Ap 1, 18). Heriotza, Jesusengan, bizi bihurtzen da. Bildurraren eta indarkeriaren zauri sakon eta bidebakoa euren haragian jasan dabenak bakez eta nasaitasunez bete daikezan benetako itxaropena da. Kristogan gure bakea aurkituko dogu eta, aldi berean, oinazeak eta heriotzak itxaroteko eta osatzeko arrazoia aurkituko dabe, Jaungoikoaren bizi barrira bihurtuz.

6. Bakarrik Bildotsak jaso daike liburua, zazpi ezaugarriak zabaldu eta jasoten dauana ikusi (ik. Ap 5, 7). Kristo, Bildotsa, zutik eta bizirik agertzen da. Egiatasun beteaz epaitzeko gaitasuna dauan egia adierazoten dau horrek, giza bihotza eta historia barru-barruraino ezagutzen ditualako. Bera da Egia, Egia pertsonal eta betirakoa. Berak argi egiten dau gure historian eta bakarrik Beragandik ezagutu daikegu gauzen egia, bizi izan doguna lako errealidade hain mingarriaren ikuskera alderdikoi eta zatikakoak gaindituz. Beragaz begiratu deikeogu gure historiaren kontakizunari, eta Beragaz batera autortu ahal izango dogu eragindako kaltea; gure egiteak eta ez egiteak kritikoki balorau ahal izango doguz, zuzentasuna berrezarri ahal izango dogu eta parkamen eta adiskidetzeari ateak zabaldu.

7. “Guzti hau Jaungoikoagandik dator, Kristoren bidez bere adiskide egin eta adiskidetasuna lanbidez emon deusku-ta” (2 Kor 5, 18). Hain zuzen be, adiskidetzearen ministerioa Eleizearen misinoaren bihotzean bertan dago. Pazko Misterioaren bitartez Beragaz adiskidetu diranen esku ixten dauan mandatua da. Gure elizbarrutietako kristinauek, euren artzainekin batera, ibilpide luzea egin dabe adiskidetzearen alde, ekimen ugari eta askotarikoak gauzatuz, beti be, ministerioa Jaungoikoak bialduta eta bere borondatea betez eta, aldi berean, gizartearen beharrizan bati erantzunez gauzatzen dala jakinda. “Kristoren mandatari gara eta Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: Jaungoikoagaz adiskidetu zaiteze” (2 Kor 5, 20). Jaungoikoaren parkamen eta errukiaren iragarpena eta bihozbarritzeko eta damutzeko deia behin eta barriro agertzen dira Jesusen predikuan, honen ardatza dira. Elizearen betebehar nagusia, bihozbarritze sakonera, eta adiskidetzerako bidean, parkamena onartzera eta eskaintzera bultzatzen gaituan grazia hori iragartea da.

8. Aldi barri honetan, Elizeak adiskidetzearen aldeko bere misinoa eta konpromisoa barritu gura ditu. Bai guk eta bai gizarteak be, pozez eta itxaropenez hartu dogu ETAren iragarpena, jarduera armadua behin betiko itxi dauala esanez, baina bere behin betiko desagerpena gura dogu eta eskatzen dogu. Gizakien osotasun fisiko edo moralaren aurkako mehatxuak amaituta, egiaren eta zuzentasunaren bideetatik egin behar da bakean, duintasunean eta errespetuan oinarritutako bizikidetasuna ziurtatuko dauan berreraikuntza moral eta sozialerako ibilpidea. Batik bat, damutzea eta parkamena beharrezkoak dira terrorismoaren edo era bateko edo besteko indarkeria edo bidebakokeriaren eraginez zauri sakonak zabaldu diranean. Lagun hurkoa mindu eta iraindu dabenek benetan damutzeko eta parkamena eskatzeko egiten deutsen deia entzun daiela eskatzen deutsagu Jaungoikoari.

9. Anai-arreba maiteok. Kristok parkatzen irakasten deusku eta Espirituaren doearen bitartez parkatzeko gaitasuna emoten jaku. Eskatutako eta emondako parkamenak gizakiaren bihotza askatu egiten dau eta Aita errukitsuaren antzeko bihurtzen. Horregaitik, erasoa edo era guztietako indarkeria fisiko edo morala jasan daben guztiei, zuzentasunaren eskakizunak baliobakotu barik, gainditu egiten dituan parkamen sendatzaile eta askatzaile hau eskaintzeko grazia emon deiela be erregutzen deutsagu Jaungoikoari.

10. Irakurri dogun 33. salmoak bakea bilatzera eta haren bila joatera bultzatzen gaitu. Jaungoikoari esker, bilatze honetan makina bat bidelagun izan dogu eta dogu: erakundeak, alkarteak, mobimentuak, ekimen desbardinak eta gorputz eta arimaz indarkeria guztien amaiera lortzeko burrukatu daben eta behin eta barriro adiskidetzearen bidea egiteko dei egin deuskuen anai-arrebak. Jaunak dei egiten deusku guztioi, erakunde zein gizabanako, adiskidetzearen eta bakearen kultura finkatzen lagundu daigun, bategitea, alkarrizketea eta gogoeta suspertuz eta zuhurtasunez jokatuz. Ikasi daigun alkarrenganako errespetu eta estimuan bizitzen, gure baldintza ideologiko, sozial edo politikoetatik harago, desbardin pentsetan daben edo bizi diranekin errespetuan bat egiteko, anitza eta konplexua dan baina bakean eta zorionean, geroari itxaropenez begiratuz, bizi gura dauan gizartean.

11. Jaunak adiskidetzearen ministro eta bakegile izatera bialtzen gaituala sentidu daigun beste behin be. Espiritu Santuak bere doeak isurtzen ditu gure gainera, gure artean bakea erne daiten Jaungoikoaren doe lez baina geure ahalegin eta lankidetzagaz. Jaunak sendotu gaizala eta Maria gure Amak lagun egin deigula beharrezko eginkizun eder honetan. Jesus berbiztuak iragarri euskun lez: Bakea beti zuekin! AMEN.

+ Mario, Bilboko Gotzaina
+ Jose Ignacio, Donostiako Gotzaina
+ Miguel, Gasteizko Gotzaina

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina