2013/03/26

Pazkoko ekitaldiak Elizbarrutiko gazteentzat

Eskuragarri dagoz Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzaren web orrialdean, 2013ko Pazkoa ospatu eta bizitzeko proposamen desbardinak (14 urtetik gorako gazteentzat).

Hainbat proposamen aurkezten ditu Idazkaritzak Pazkoa bizitzeko. Lehenengo eta behin, sarbide aldiko (14-16 urteko neska-mutilentzat) Pazkoa antolatu dabe Oruen (pasiotarren etxea) Eguen Santu goizetik Pazko Egunera arte (martxoak 28-31). Bertan, dinamiken, barneratzerako uneen eta egun horreetako berariazko ospakizunen bidez, hastapenak eskaintzen jakez gazteei Aste Santu eta Pazkoaren inguruko oinarrizko gaietan.

“Auzolan pazkoa” be prestatu dabe 14-16 urteko gazteentzat: lau egunetako konbibentzia, Bakioko etxe baten mantenuan lan egiteko eta adiskidetasunezko giroaz gozatzeko, Jesusen bizitzako azken egunak gogora ekarriz eta bere berbizkundearen poztasuna barriro biziz. Honako hau, martxoaren 27tik 31ra egingo da, hau da, eguazten arratsaldetik domeka goizera arte.

Hirugarrenik, sarbideko Pazko ibiltaria eskaintzen da Meatza inguruan 14 eta 16 urteko neska-mutikoentzat eta inguru horretako taldeek antolatuta eta talde horreetakoak ez diranei be zuzenduta. Goizetan ibili egingo dira eta arratsaldetan dinamikak eta barneratzerako uneak eukiko dabez, neskato-mutikoak egun bakotxean ospatzen dana ezagutu eta bizi daien.

Konpromisorako Pazkoa 16 eta 19 urte bitarteko neska-mutilentzat da eta eguaztenetik –martxoak 27- domekara –martxoak 31- egingo da. Lekua zehaztu barik dago eta partaideen arabera erabagiko da. Goizez boluntario lanetan jardungo dabe bazterketazko errealidaderen batean (jantoki soziala, umeei lagun egin, nagusiei lagun egin…) eta arratsaldez egunez egun bizi daben esperientziaren irakurketa sinisteduna egingo dabe, Aste Santuaren berariazko espiritualtasunetik eta ospakizunetatik.

Honeek dira, Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzaren web orrialdean aurkitu daitekezan proposamenetako batzuk.

bizkeliza.org webgunetik hartuta

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina