Judeguek egiten eben lez, geuk ere Pazkoa udabarriko lehenengo hilargi
beteagaz batera ospatzen dogu. Horregaitik Aste Santuko egunak aldatu egiten
dira urte batetik bestera. Aste Santua, barriz, kristauontzat urteko “Aste
Nagusia” dogu, aste honetan ospatzen doguzalako gure kristau fedeko misteriorik
garrantzitsuenak: Jesusen Nekaldi, Heriotz eta Berbizkundea.
“Jesusek argi eta garbi esan eutsen bere ikasleei: Berak Jerusalenera joan
behar ebala eta han Legebatzarreko, abadeburu eta idazlarien aldetik neke asko
eroan beharko zituala, baita heriotza
ere, eta hirugarren egunean biztu egingo zala” (Mt. 16, 21). Holan ba, Jesusen
historia ez zan amaitu bariku santuan, kurutzeko heriotzean. Jainkoak biztu
egin eban Jesus hilen artetik. Horregaitik, alaitasunez beterik abesten dogu
Pazko aldian: Biztu da Kristo, aleluia! Guregan dago, aleluia!.
Jesusen biztuera hori zelan ulertu
Baina biztuera hori zelan izan zan ulertu beharko dogu. Edozelan ere, Jesusen
biztuera ez zan izan Jesusen gorpua mundu honetan bizi zala eduki eban bizitzara
barriro itzultzea. Ez, Jesusen biztuera benetako berbizkundea izan zan. Jesusen
biztuera kreazino barri bat izan zan, Jainko-Aitaren bitartez, jaiotza barri
bat, pertsona barri bat eta mundu barri bat.

Jesusen biztuerea egiazko gertakizun bat da
Jesusen biztuera hau ezin daiteke egiaztatu gaurko historigileak erabilten
dituen dokumentu eta tresnakin. Adibidez, argazkilari batek bere
argazki-kamarakin ezin izango eban hartu gertakizun hau. Baina, halan ere,
Jesusen biztuera egiazko gertakizun bat izan zan. Jerusalenen gertatu zan eta
ezaugarriak oso argiak izan ziran. Adibidez, bere ikasleak, Jesus atxilotu,
epaitu eta kurutzean hiltera galdu ebela ikusirik, bildurrez beterik, eskutatuta
bizi ziran. Baina, Jesus berbiztuaren
experientziak eraginda, beldur barik Ebanjelioa zabaltzen hasi ziran. Horrez
gainera, Pedro eta beste Hamaika apostoluen testigantzeari esker, lehenengo
kristau komunitateak sortu ziran Jerusalenen.
Jesusen biztuera sinistea
Jesusen biztuera honek historia gainditu egiten dau, baita gure historia
eraldatu ere. Horregaitik Jesusen biztuera egiazko gertakizuna izanik, fedearen bidez bakarrik onartu daiteke.
Holantxe ikusi eben lehenengo kristauak eta Jesus berbiztuagaz izan zituen
experientziak kontaketa batzuen bidez
azaltzen deuskuez. Kontaketak oso desbardinak dira eta gure mentalitaterako
pixkat arraroak. Zergaitik? Desbardinak dira, apostolu edo talde bakoitzak
Jesus berbiztuaren experientzia, bakoitzak bere erara kontatzen ebalako.
Bestetik experientzia horreek azaltzea ez zan batere erraza, hain zuzen, Jesusen
izatea eta egoerea gure historiatik kanpo, Jaungoikoagan dagozalako. Edozelan
ere, lehenengo apostoluen prediku eta hitzaldien ardatza Jesusen biztuera izan
zan eta Jesus berbiztuaren fedeagaitik emon eben martiri euren bizitza.
Eta guk, gaurko kristauok, zer sentitzen dogu Jainkoak Jesus berbiztu
dauala sinisten dogunean? Ba, Jesus berbiztuak arrazoia eukala. Izan ere,
orain, Jesus berbiztuari esker, badakigu Jainkoak bizitza maite dauala.
Horregaitik Jesusentzako premiazkoagoa zan gaisoen osasuna, larunbateko lege
eta tradizino guztiak baino. Orain,
Jesus berbiztuari esker, badakigu Jainkoak errubako biktima guztiei justizia
egiten deutsela. Horregaitik, heriotza dan lekuan, bizitza jarri daigula;
gaiztakeria dan lekuan, ontasuna; guzurra dan lekuan, egia; gorrotoa dan
lekuan, maitasuna. Orain, Jesus berbiztuari esker, badakigu Jainkoa mundu
honetako kurutzeratuekin identifikatzen dala, inoiz ere ez borreroekin.
Horregaitik hobeto ulertzen dogu zergaitik egoten zan Jesus sufritzen
egozanekin eta zergaitik defendatzen zituan pobreak, gosekilak eta baztertuak,
geu ere errukiorrak izan gaitezan. Jesus berbiztu dan eskero, orain badakigu
betiko bizi dana eta bi edo hiru lagun bere izenean alkartzen gareanean, geure
artean aurki dagoala. Orain badakigu
Jainko-Aitarenganako bidean ez gagozala bakarrik, bide honetan Jesus berbiztuak
laguntzen deuskula.
Eta Jesus berbiztuagan sinisteak hauxe esan nahi dau: ez nekeak, ez
injustiziak, ez minbiziak, ez infartoak, ez metraileteak, ez pekatuak, ez
heriotzak ez daukela azkeneko berbea. Azkeneko berbea Jesus berbiztuak daukala,
Bera dalako bizitzaren eta heriotzaren Jauna: “Neu naz berbizkundea eta
bizitza; Niregan sinisten dauana, hilarren ere biziko da; eta Niregan sinistuez
bizi daitena, ez da inoiz hilgo. Sinisten dozu hau?” (Jn. 11, 25).
Garitaonandia eta
Sardui´tar Jesus
Begoñako Santutegiko Erretora
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina