2013/12/16

Eskerrik asko Madiba, Historiak ez zaitu ahaztuko




Abenduaren 5ean joan jaku Nelson Mandela, baina ez betirako. Ezinezkoa izango da Madiba ahaztea. Hegoafrikako beltzen eskubideak babesteagaitik 27 urte kartzelan egon eta gero, arrazakeria eta ezbardintasun klasisten aurka egindako borroka baketsuaren ostean, irrifarretsu urten zan kalera, eta arraroa dirudien arren, bere zigortzaileak parkatu zituen. Euren errugby kamisetak zuri baltzean ikusi gura zituen Madibak, bardintasunerako bide gogorra eraikiz. Errespetuaren bide baketsu hori munduko etxe guztietako telebistetara heldu zan, eta gure bihotzetara. Orain gure txanda da, hemetik aurera ez da Nelson egongo borroka hontan baina bai Madibaeta betirako gainera. Munduko toki guztietatik eman deutsegu azken agurra bardintasuna, parkamena eta errespetuan oinarritu dan pertsonari; bere bidearekin jarraitzea falta jaku orain eta horrexegaitik Historiak ez dau sekula ahaztuko, eskerrik asko Madiba !


Mila esker Markel !!

2013/12/12

Gabonetako “bidezko” erosketen alde

Caritas, Misinoak eta Alboan erakundeek sustatzen daben Bizkaiko bidezko merkataritzarako ekimen solidarioak merkataritzako hartu-emon zuzenagoen alde egiten dau. Honan lansari duina ziurtatzen jake Hegoaldeko beharginei, beste erabateko eredu ekonomikoa bultzatuz. Kidendak Bilbon daukan dendan (Viuda de Epalza, 6), bidezko merkataritzako produktuez osatutako otzarak prestatzen dabez Gabonetarako.

 
Tamara Carranza da “kontsumo kritiko eta arduratsua, gizabanakoak eta ingurumena errespetatzen dituan kontsumoa” suspertzen dauan Bilboko dendako arduraduna. Tamara bera eta egunotan dendan laguntzen deutsen boluntarioak lanpetuta dabilz, Gabon aldi honetan batzuek alkartasunaren alde egiten dabelako eta bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzen dabezalako.

Partikular batzuek, eta baita enpresek be, aurrekontu jakin batera egokitutako Gabonetako otzarak eskatzen dabez, “arlo honetan be igartzen jakolako krisiari”, dendatik adierazoten dabenez.

Bidezko merkataritzako elikagaiak, artisau-lanak, bitxigintza-lanak eta ehungintza-lanak eskuratzeko aukerea emoten deutse Kidendak gura daben guztiei. Produktuak bitarteko barik erosten dira, “ekoizleakazko hartu-emon zuzenean”, dino Tamarak. Beste alde batetik,  produktuek erespide jakin batzuk beteten dabez kalidade teknikoa, soziala eta ingurumenekoa ziurtatuz.

Latinoamerikan, Afrikan eta Asian bidezko merkataritzako erakundeetan jarduten daben ekoizleek lansari duina jasoten dabe euren lanagaitik, eta mozkinak alkartearen garapenean inbertitzen dabez.

bizkeliza.org werbgunetik hartuta

2013/11/22

Bakea Euskal Herrian (Belokeko topaketa)

BAKEA EUSKAL HERRIAN * BAKEA KANTUZ ETA OTOIZTUZ
2013. AZAROAREN 10EAN BELOKEN

Chanter et  prier pour la Paix au Pays Basque-Abbaye de Belloc 10 novembre 2013

BAKE MINA                                                              
Hitzak: Peio Ospital
Musika: Irlandar herrikoia
Gizadiak maite-mina,                                                  
Izadiak arreta-mina,
Etorkinak herri-mina,
Herri hunek bake-mina.

Laborari ta langile,
Sinestedun ta bilatzaile,
Bidez-bide, kalez-kale,
Izan gaiten bakegile.

Zatiketak etsipena,
Elkarketak itxaropena,
Gorrotoak pairamena,
Bakermenak askapena.

Solasbide, elkarbide,
Maitabide ta askabide,
Zuzenbide, bakebide,
Oro dire zorionbide.

2013/11/20

Haurren eskubideen aldarrikapenaren eguna


Gaur egun berezia da, haurren eskubideen aldarrikapenaren 24 urteurrena da. Nazio Batuetako 193 herrialdek sinatutako dokumentu honen arabera, 18 urterartekoen eskubideak bermatzea ezinbestekoa da eta hala ere, munduko leku asko eta askotan oraindino ez dira betetzen, hala nola gure mugikor, tablet eta portatilen bateriarako ezinbestekoa dan Coltana (basez betetako mehategietatik ateratzen da batezbe Kongon eta kilo bat ateratzeko ume 2 hiltzen dira) ateratzen daben milaka haurrena edota ezkontzera behartzen diran hainbat eta hainbat neskatzen kasuetan. Haur soldaduak 300.000tik gora dira Afrikan eta indiako kasuak benetan lotsatzekoak dira eta hala ere, egun berezi hau ozpatzen dogunen artean, aldarrikapenak egiten jarraitu beharra dagoela uste dogu,

Argazki sorta bidaltzen deutsuet:
 




 

Beste barik,

Markel


2013/11/11

Gaztelizak 100 lagun batu ebazan Bilbon

Ehun lagun inguruk parte hartu dau asteburu honetan gotzainak eleizbarrutiko gazteakaz ospatzen dauan ‘Gazteliza’ topaketan, Begoñazpi eleizbarrutiko ikastetxean.

Momento_foto.jpg
“Ibiltari eta misiolari. Id y haced discípulos a todos los pueblos” goiburupean, gazteek era askotako tailerretan parte hartu eben zapatu goizez. Horreen bitartez, fedea transmititzeko eta Jesusen jarraitzaile izateko esparru desbardinak ezagutu ebezan: kontsumoan, lanean, zinean, zientzian, sare sozialetan, osasunean, kartzelan, bizileku bakoen artean, misinoetan… Arratsaldez,  goizeko esperientzia batera jarri zan ‘Gazteliza telebistaren’ bidez eta, ondoren, 4 lekukotasun eskaini ebezan gotzainak moderatuta ospatu zan mahai-inguruan. Zazpiak eta erdietan eukaristia ospatu eben eta bertan Barri Onaren barriemoile izateko kredentzialak banatu jakezan. Domeka goizez, ‘twitter’ bidez beste batzuei helarazo eutsiezan “barri onen” zabaltzaile izan ziran.

Jardunaldiak –antolatzaileek azaltzen dabenez, aurreikusitako eskemaren arabera garatu izan dira, domeka goizeko jarduerea izan ezik; izan be, euriaren eraginez, Artxandara igoteari uko egin eutsen eta paseoa emon eben Europa parkean.

“Alkarregaz igaro dogun egun eta erdi honetan, esperimentatzeko, entzuteko, jolasteko, otoitz egin eta ospatzeko, dantzatzeko, ‘twitteatzeko’, beste batzukaz bat egiteko eta Jesus ezagutzen eta Jesusegaz bat egiten jarraitzeko aukerea izan dogu”, laburbildu dau Ana Pérez Pons ebanjelizazinoa eta katekesia ordezkaritzako kide eta Gaztelizaren antolakuntzarako taldekoak.

bizkeliza.org webgunetik hartuta.

2013/11/08

Gaztelizaren haritik

Asteburu honetan ospatuko da Begoñazpi ikastolan ‘Gazteliza 2013’ gazteen topaketa. 2008-09 kursoan garatu zan lehenengo aldiz ekimen hau helburu nagusi bategaz: eleizbarrutiko errealidade desbardinetak gaztetxo eta gazteek alkar ezagutzeko eta “fede hazkunderako bidean bizi dabezan esperientziak Gotzainari aurkezteko” aukerea izatea, zehazten dau Ebanjelizazinoa eta Katekesia Ordezkaritzeko Ana Pérez-Ponsek.


Aurton, Bilbon egingo da gazteen topaketa. Igaz, Josefinoen Urduñako eraikinean ospatu zan Gazteliza. Asteburu honetan, gazteak Begoñazpi eleizbarrutiko ikastetxean batuko dira.

Larogei gazte inguruk emon dau izena egun bitan, beste batzukaz, “fedearen misiolari alderdian sakontzeko”. “Ibiltari eta misiolari. Id y haced discípulos” da aukeratutako goiburua.

Goizeko 9:30etatik aurrera egingo jake harrerea Eleizbarrutiko herri desbardinetatik etorriko diran gazteei. Gotzainak ondo etorria egingo deutse eta, ostean, tailerretan parte hartuko dabe, gai desbardinak landuz: fedea eta zientzia; kontsumoa; fedea eta zinea edo fedea eta sare sozialak.

Arratsaldez beste jarduera batzuk garatuko dira, esate baterako, ekintzak taldean eta on Mario Izeta gotzainak moderatutako mahai-ingurua. Eukaristia 19:30etan izango da. Domeka goizez, Artxandan egingo da dinamika eta bazkalostean emongo jako amaiera topaketari.

bizkeliza.org webgunetik hartuta

2013/10/16

Esku Elkartuak erakundearen klipmetrajeen lehiaketa

“Dana geureganatzea? Ez, eskerrik asko! Gosearen erronka munduan” goiburupean ospatuko da V. ekitaldia. Lehiaketa Bizkaiko ikastetxe guztietan egingo da eta erkidegoko finala Bilbon ospatuko da. Bihar hasiko da eta 2014.eko otsailaren 28an amaitu.

DSC04082_02.jpg
FAOren arabera, 870 milioi lagunek elikadura eskasa jasaten dau eta egunean zehar jaten dabenagaz ezelan be ezin dabez gutxieneko energia-beharrizanak ase.

Esku Elkartuak erakundeak gogoratzen dauanez, gaur egun sekula baino elikagai gehiago ekoizten da baina ez dira danengana heltzen. Erakundeak dei egiten dau bakotxak bere bizigiroan jardun daian, “gatx larri hau desagerrarazoteko”, arduraz kontsumituz eta lekuko produkzinoa eta familia nekazaritza babestuz. Beste alde batetik, elikagaien prezioen “espekulazinoa” salatu egin behar dala dino.

Klipmetrajeak

Klipmetrajeen lehiaketaren aurreko ekitaldian 132 ikastetxek parte hartu eben, danen artean 500 lanetik gora bialdu ebelarik.

Bihar hasiko dan V. ekitaldian, Esku Elkartuak erakundeak partaideek behar dabezan lagungarriak, agiriak eta barritasunak jarriko ditu euren esku.

bizkeiza.org webgunetik hartuta. Informazio gehiago:

http://www.clipmetrajesmanosunidas.org/

2013/10/14

Gazteliza 2013 (Gotzainaren Gutuna)


Bilbao, 2013.eko irailaren 25a

   
Gazte maiteok:
 
Pastoral ekiturte barriaren hasieran, jaso eizue nire agurrik beroena! Jauna zuon bizitzetan eta zuon ohiko jarduna garatzen dan leku guztietan agertu daitela opa deutsuet. Ez dira errazak bizi dozuezan sasoi honeek. Gogoan zaukedaz, bihotzez ilusinoz beteta lan mundura hurreratzen zarienok eta gizalegezko lanpostu egonkorra jadesteko zailtasunak jasaten dozuezanok. Ez galdu itxaropenik. Danon ahaleginagaz, zerumuga barria eraikiko dogu eta zeuok izan behar dozue protagonista nagusiak.
 
Dakizuenez, urtero antolatzen dogu ‘Gazteliza’ eleizbarrutiko topaketa.
Eleizbarrutiko gazteak eta gotzaina alkartzen dira bertan, bizikidetza, otoitza, ospakizuna lantzeko eta alkarri esperientzien, zailtasunen, itxaropenen eta ilusinoen barri emoteko. Udazkena topaketa hori egiteko urtaro aproposa izan daitekelakoan gagoz. Honan, alkarregaz bizi izango dogu pastoral ekiturtearen hasiera eta, askorentzat, ikasturtearen edo jarduera profesionalaren hasiera dana.

On Mario Iceta
Aurton, GAZTELIZA 2013 Bilbon ospatuko da, Begoñazpi ikastolan (Txurdinaga), azaroaren 9-10eko asteburuan. Antolaketan esku hartzen diharduen erakunde desbardinek egitarau zabala prestatu dabe: otoitzaldiak eta ospakizunak, tailerrak eta esperientziak batera jartea… batasun eta senidetasunez jantzitako giroan. Horrezaz gainera, tarte ludikoak be ez dira faltako eta mahaia eta atsedena be konpartitu ahal izango dira.
 
Dei egiten deutsuet topaketa honetan ilusinoz parte hartu daizuen eta zuokaz esperientzia hau bizi gura daben adiskideei konbitea egin deiezuen. Egun horreetan alkar ikusiko dogulakoan, jaso eizue nire anai besarkada eta Jaunaren bedeinkapena.
 

+ Mario Izeta Gabikagogeaskoa
 
Bilboko Gotzaina
Informazio gehiago bizkeliza.org webgunean

2013/10/09

Deituak Bizkelizan

Begoñazpi eleizbarrutiko ikastolak “Deituak” irakasgaia emongo dau barriro be; honen bitartez, Batxilergoko lehen mailako ikasleek egitasmo solidarioetan parte hartzeko aukerea izango dabe. Joan dan ikasturtean hasitako ereduari jarraituz, gazteei erakunde desbardinei laguntzeko aukerea emon gura jake. Eleizbarrutietako Misinoetako eta gazteria arloko ordezkariek egitasmo batzuk aurkeztu eutsiezan atzo ikasleei.

IMG_6303.JPG
Begoñazpiko zuzendaria ikasleei azalpenak emoten

Begoñazpi ikastolako batxilergoko lehen mailako ikasle batzuk batu ziran atzo areto nagusian, lagundu daikien egitasmo desbardinen inguruko informazinoa zuzenean jasoteko.

Nerea Begoña ikastolako zuzendariak dei egin eutsen gazteei erlijinoa, filosofia eta herritartasuna eskolak bateratzen dituan eta “Deituak” izena jarri izan deutsen egitarauan parte hartu daien. Pozik agertu zan igazko esperientziagaitik, bere esanetan, “frutu onak” emon ebazalako eta “ahogozoa” itzi eutselako, bai bertan parte hartu ebenei eta bai euren borondatez ikasleakaz lankidetzan jarduten daben erakundeei be.

Mertxe Agirre Misinoetarako ordezkaritzako kideak Bidezko Merkataritzaren lanaren barri emon eutsen, beste errealidade batzuk ezagutze aldera, Iparralde-Hegoaldea prestakuntzan parte hartzeko konbitea egiteaz batera.

Ana Pérez Pons gazteen eleizbarrutiko idazkaritzako ordezkariak, gazteak protagonista izango diran hurrengo hitzordua azaldu eutsen eta parte hartzeko dei egin: Gazteliza ekitaldia da eta ikastolan bertan ospatuko da azaroan. Beste alde batetik, ekimen barri bat aurkeztu eutsen: gazteek bazterketaz jantzitako munduagaz bategitea ahalbideratu. Honan, Caritasen jantoki sozialetan, erakunde beraren umeentzako programetan edo nagusien egoitzaren batean boluntario lez jarduteko aukerea emongo jake.

Ikastolak antolatutako topaketan, gainera, jarduera solidariorako beste egitasmo batzuk be aurkeztu ziran: Txurdinagako Gurena egoitza, Txurdinagabarriko Aita-Mennikoa edo Basauriko Bizkotxalde.

bizkeliza.org webgunetik hartuta

2013/07/10

Palestina, beste mundu bat

Facebooki esker Arkaitz Herasen barri jaso nebanean zur eta lur geratu nintzan. Zelan da posible nire ikasle ohi bat Palestinatik ibiltea? Askotan Jerusalem, Belen, Itsaso Hila, Jeriko... eta halako izenak aipatzen doguz erlijio klaseetan; ni inoiz ez naz handik egon, eta orain nire ordenagailuan, Arkaitzen perfilean leku hauetako argazki zoragarriak ikusten nebazanean harrituta geratzen nintzan. Proposamen ausarta bota neutsan: Animatuko zinateke erlijio.blogspot.com webgunerako barri bat idazten? Eta hona hemen Arkaitzen idazlana: (Mila esker Arkaitz!!)

22 urteko ingeniaritza kimikoko ikaslea naiz, Begoñazpi Ikastolako ikasle ohia. Karrerako bost urteak gainditurik, eta karrera amaierako proiektua baino ez zaidala falta graduatzeko, udarako lan serio baten bila hasi nintzan; behin karrera amaituta zerbait edukitzeko lan munduan sartu ahal izateko. Lana atzerrian izan behar zen, toke internazional bat emateko nire CV-ari, oraingo Espainiako egoera dela eta.

Egia esanik, Palestina ez zen izan nire lehen aukera. Ni Poloniara joango nintzan, eta oso pozik nengoan horretaz. Lagunkide batek Palestinan lortutako lanari uko egitean, neuri joatea gustatuko nintzala esan neban, momentuko ideia ero batez. Ez zaidala ezerekin teilakatzen ikustean, serioago hartu neban, eta azkenean, ni neu postua betetzen animatu nintzan.

2013/05/29

Kongo aurrera !!!



Maiatzak 24an, barikua, Zamudiora joan ginan Afrikara bidaltzeko kutxa batzuk prestatzen ikustera eta laguntzera, metro eta erdiko bolumena daukien kutxa batzuk alegia. Bertan, medikamentuak, eskoletarako materiala etab biltzen dira.

Lehendabizi, kontainerrak Daar Es Salamera daroez kamioiz, 2000km-ko bidaia batean. Gainera, kontainerretan aitzur pila bat eroan dabez, 500 aitzur guztira.

Bertan, pertsona atsegin honeekaz egon gina: Carmen Amurrio, Gazte Rol Model saria jaso dauana; Javier Macua, kongon 20 egun pasa ebazan apaiza;  Luis Mari, 1965ean Afrikara joandakoa, eta bertan 24 urte pasa ebazana. Gainera, handik aurrera uda guztietan joaten da ondoko kontinente handira. Beraren hitzetan, bizitza han oso gatza zan. Garraioa oso gatza zan. Horretxegaitik, betako biztanleriak bideak, errepideak eta aireportu bat eta guzti eraiki ebezan.


Geuretzako esperientzia oso polita eta interesgarria iruditu jaku, eta konturatu gara zelan badagozan pertsona batzuk non euren bizitza eta gehiago emon dabezala txiroei. Eurekaz elkarrizketan eta lanean ibiltzeak asko pozarazi gaitu danoi.

Jakes Anton De Irala

2013/05/28

Norberaren higienerako produktu batza Caritas-eko Etxerik Gabekoen alde Begoñazpi Ikastolan

 

 
 
Asko dira Bilbo inguruan etxerik ez daukienak eta kalean bizi diranak. Caritas-en bitartez ahalegin handia egiten dau Elizbarrutiak pertsona honeei behar daben laguntza emoteko. Begoñazpi Ikastolan be, behar izan horretan lagundu gura dogu. Horregaitik, Talde Solidarioak antolatuta, norberaren higienerako produktuak batuko doguz hurrengo astean, maiatzaren 30ean. Honeexek dira batuko doguzanak:

-          Dutxatzeko gela eta xanpua.
-          Bizarra mozteko kutxilak (behin erabili eta botatekoak) eta xaboia.
-          Arropa garbitzeko garbikaria eta leungarria.

Aurretiaz egin doguzan beste kanpainatan lez, eta Bilbo inguruko etxerik gabekoek gure laguntza behar dabelako, jakin badakigu Ikastolako kideon parte hartzea handia izango dana. Talde Solidarioko ikasleek, hauxe eskatu gura deutsuegu:

ANIMATU ETA PARTE HARTU!

2013/05/17

2013ko Alkartasun Zeinua: “Eskertu eta babestu”



Gaur ospatzen dogu Elizbarrutiko Alkartasun Zeinua. Aurton, persona nagusiek, batez be krisiaz jantzitako une honeetan, gure gizartean egiten daben guztia agertzera emon gura da eta eskerrona adierazo. 10:45etan hasi da goizeko ibiltaldia Gran Viatik –Diputazinoaren paretik-. Mila eta bostehun neska-mutiko batu da eta kalez kale joan dira Bilboko Arenaleraino.
 
On Mario Izeta eleizbarrutiko gotzainak adierazpenak egin ditu, ingurura hurreratu diran komunikabideen aurrean, ibiltaldiari ekin aurretik, eta besteak beste, zera nabarmendu dau: “Zeinuak krisiaren ondorioak zuzen-zuzenean jasaten dituan gizatalde jakin bati arreta eskaintzeko aukerea emoten deusku”. On Mario Izetak esan dauanez, “persona nagusiengan be antzeman daitekez krisiaren ondorioak”. Aurton, Elizbarrutiak, “Nos sostienen. ¡Reconócelo! Eskertu eta babestu” goiburupean, egunez egun emoten daben guztia eta euren bizitza luzean eraiki dabena agertzera emon gura dau.

Arratsaldez, alkarte osoarentzat izango da hitzordua. Ibiltaldi hau 19:45etan hasiko da Moyua plazan. Amaierea San Nikolas eleizan izango da eta han Gotzainak agiria irakurriko dau.

Bizkeliza webgunetik hartuta eta moldatuta.

2013/05/14

Nagusiek laguntzen deuskue

Datorren barikuan, Elizbarrutiak Alkartasun Zeinua ospatuko dau Bilbon. Kalean egingo dan jardueraren bidez, nagusiek bizi daben egoeran sakondu gura da eta gizartearen mantenuan egiten diharduen lana autortu gura jake. Krisialdi ekonomikoko testuinguru honetan, Zeinuak aintzat hartu gura dau aititen eta amamen eskerbako beharra.

 
Urtero, Alkartasun Zeinuaren bidez, krisiak zigortutako gizatalde batean arreta jarteko eskatzen jaku. Jardueraren ardatza, egoera txarrenean dagozanen aldeko alkartasun zeinu ageriko eta kolektiboa da.

Bilboko gotzainak, jardueran parte hartzeko dei egitean, persona nagusiek familietan zein gizartean egiten daben “aparteko ahalegina”  gogoratzen dau. Era berean, gizon eta emakume horreentzako bizimodu duin eta zaindua aldarrikatzen dau.

Datuek argi eta garbi erakusten deuskue ze errealidaderi aurre egin behar deutsen persona nagusiek. Nagusien herenak, azken urte bietan, euren pentsinoakaz diruz lagundu izan deutso senideren bati.

Natiren seme-alaba bi, adibidez, langabezian geratu dira. Orain bere etxera doaz bazkaltzera, “Jaungoikoari esker” oraindik hareei laguntzeko moduan dagoalako. Halanda be, familia batzuek ez daukie inongo sostengurik. Hain zuzen be, hauxe da Zeinuaren inguruko jarduerarako aukeratutako goiburua: “Eskertu eta babestu”.

Mertxe alarguna da eta pentsino txikia dauka. Bere seme-alabak ezkonduta dagoz eta lanean dihardue baina goiz jaikitzen da egunero biloba haurtzaindegira eroateko. Gainera boluntarioa da Caritasen eta Kidendan. Persona nagusi askok eta askok jarduten dau gaur egun be boluntario lez. Bilboko Elizbarrutian, lau mila lagun inguruk dihardu euren denporea besteei emoten.

Vida Ascendente- Bizian Gora

Elizbarrutian, 1.300 kide dagoz mobimentu honetan, parrokietako edo egoitzetako 130 talde ingurutan banatuta. Bertan 60 urtetik gorako persona eta jubilatuak dihardue batez be. Carmen López da “euren fedea gaurkotu eta sendotu” gura daben taldeen koordinazinoaz eta heziketaz arduratzen dan Hirugarren Adinekoentzako Pastoraltzako arduraduna. Bere ikuspuntutik, garrantzitsua da persona nagusiek “arlo guztietan” egiten diharduen lana autortzea eta Zeinua, euren “jarduera solidario eta emonkor” hori eskertzeko bidea da.

Jarduera zehatza

Datorren barikuz, maiatzak 17, Elizbarrutiko Alkartasun Zeinua egingo da txanda bitan. Goizez, eskoletako ikasleak izango dira protagonista eta goizeko 11:00etan ekingo deutse ibilpideari Diputazinoan. Arratsaldez, 19:45etan plaza eliptikoan hasiko dan ibiltaldian, alkarte osoak parte hartuko dau. Gotzainaren partaidetzaz ospatuko dan ekitaldiak emongo deutso amaierea ibiltaldi bati zein besteari.

bizkeliza.org webgunea bisitatu

2013/05/08

Maiatzak 10a, Bidezko merkataritzaren eguna Begoñazpi Ikastolan

Maiatzaren 12a, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna da eta Ikastolak be, maiatzaren 10ean, ekimen honegaz bat egingo dau. Egunean zehar egingo doguzan sentsibilizazino ekintzez gain, Bidezko Merkataritzako produktuak izango doguz bazkal orduan. Barri honen bidez zeuon inguruko herri eta auzoetan egingo diran ekintzetan parte hartzen be gonbidatzen zaituegu.


2013/05/02

Begoñazpi eta Artxandape ikastolak "Lagunen bila" Loiolan

Maiatzaren 2an, Loiolako Santutegian batu ginan Begoñazpi eta Artxandape Ikastoletako DBH 4. mailako ikasleak. “Lagunen bila” lemapeko jardunaldian, batxilergoan ikaskide izango doguzanak ezagutzeko aukera izan genduan. Goizean Eukaristia izan ostean, eguerdi aldera Urrestilako frontoian alkartu ginan hainbat jolas eta dinamika egiteko. Egun euritsua izan genduan arren, ederto ibili ginan!
 


2013/04/24

Eskertu eta babestu !!

Maiatzaren 17an, barikuz, ospatuko da aurtengo Elizbarrutiko Alkartasun Zeinua. Ekitaldi honetan, pentsinoa jasoten dabenengan, hau da, batez be persona nagusiengan, krisialdi honen eragin zuzena (pentsinoen eta laguntzen murrizketa) jasaten dabenengan jarri gura da arretea, eurotako askok eta askok eginahalak egiten dabezalako, gainera, krisiaren eraginez egoera larrian dagozan senide gazteenei laguntzeko.
Prest dagoz, urtez urte, Ebanjelizatzearen Elizbarrutiko IV. Egitasmoaren (EEE) haritik, ospatzen dan ekimen honen aurrean sentiberatasuna bizteko eta bertan parte hartzeko prestatzeko lagungarriak. Elizbarrutiko web orrialdearen eskumaldean jarri da banner bat aitatutako lagungarriok eskuratu ahal izateko: Gotzainaren gutuna ibiltaldian parte hartzeko dei eginez; kartela –IV. EEEari lotuta egin zanaren formatu eta estilo berekoa-; otoitza bakarka edo taldean errezatzeko; gogoetarako lagungarriak; liturgi lagungarriak; bideoa eta hekuzntza lagungarriak adin desbardinetako neska-mutikoentzat, gelan edo katekesian lantzeko.

Maiatzaren 17an, ibiltaldia Moyua plazatik Areatzara egingo da, igaz lez: goizez, eskolako ikasleak izango dira protagonista nagusiak eta arratsaldez, kristinau alkartea osoa. Goizean zein arratsaldean, ibiltaldiari amaierea emoteko, ekitaldi xume bat egingo da, on Mario Izeta elizbarrutiko gotzaina buru dala.

bizkeliza.org webgunetik hartuta eta moldatuta

2013/04/11

Bizkaiko Caritasen Zuzendaria Begoñazpi Ikastolan

Carlos Bargos, Bizkaiko Caritaseko Zuzendaria, Begoñazpi Ikastolan
Atzo goizean, Bizkaiko Caritaseko zuzendaria dan Carlos Bargos, Ikastolako DBH 4. eta Batxilergoko 1. mailako ikasleez gain, Talde Solidarioa osotzen daben ikasleakaz be egon zan.

Carlos Bargosen esanetan, Carisatek dauan helburuetariko bat pertsonei laztanak egin eta laguntzea da, Caritas Elizaren bihotza da. Ez dago Caritasik Eliza barik.

Errealitatea behatu eta gero, giza desbardintasunen aurrean lan egiten dabe, pertsonen bizitza normalitzeko baliabideak eskainiz.

13.500 pertsona inguruk osotzen dabe oinarria dan boluntaritza, Caritasen misioa ahalbideratzen dabelarik.

Ikastolako Talde Solidarioa osotzen daben ikasleek, Merkatu Txikian eta Agate Deuna egunean batutako 2.000 € emon eutsiezan.




begonazpi.org hartuta eta moldatuta

2013/03/30

Jesusen biztuera, gure fedearen ardatza


Udabarriko lehenengo hilargi betea

Judeguek egiten eben lez, geuk ere Pazkoa udabarriko lehenengo hilargi beteagaz batera ospatzen dogu. Horregaitik Aste Santuko egunak aldatu egiten dira urte batetik bestera. Aste Santua, barriz, kristauontzat urteko “Aste Nagusia” dogu, aste honetan ospatzen doguzalako gure kristau fedeko misteriorik garrantzitsuenak: Jesusen Nekaldi, Heriotz eta Berbizkundea.

“Jesusek argi eta garbi esan eutsen bere ikasleei: Berak Jerusalenera joan behar ebala eta han Legebatzarreko, abadeburu eta idazlarien aldetik neke asko eroan beharko zituala,  baita heriotza ere, eta hirugarren egunean biztu egingo zala” (Mt. 16, 21). Holan ba, Jesusen historia ez zan amaitu bariku santuan, kurutzeko heriotzean. Jainkoak biztu egin eban Jesus hilen artetik. Horregaitik, alaitasunez beterik abesten dogu Pazko aldian: Biztu da Kristo, aleluia! Guregan dago, aleluia!.

 

Jesusen biztuera hori zelan ulertu

Baina biztuera hori zelan izan zan ulertu beharko dogu. Edozelan ere, Jesusen biztuera ez zan izan Jesusen gorpua mundu honetan bizi zala eduki eban bizitzara barriro itzultzea. Ez, Jesusen biztuera   benetako berbizkundea izan zan. Jesusen biztuera kreazino barri bat izan zan, Jainko-Aitaren bitartez, jaiotza barri bat, pertsona barri bat eta mundu barri bat.

 

Jesusen biztuerea egiazko gertakizun bat da

Jesusen biztuera hau ezin daiteke egiaztatu gaurko historigileak erabilten dituen dokumentu eta tresnakin. Adibidez, argazkilari batek bere argazki-kamarakin ezin izango eban hartu gertakizun hau. Baina, halan ere, Jesusen biztuera egiazko gertakizun bat izan zan. Jerusalenen gertatu zan eta ezaugarriak oso argiak izan ziran. Adibidez, bere ikasleak, Jesus atxilotu, epaitu eta kurutzean hiltera galdu ebela ikusirik, bildurrez beterik, eskutatuta bizi ziran. Baina,  Jesus berbiztuaren experientziak eraginda, beldur barik Ebanjelioa zabaltzen hasi ziran. Horrez gainera, Pedro eta beste Hamaika apostoluen testigantzeari esker, lehenengo kristau komunitateak sortu ziran Jerusalenen.


2013/03/26

Pazkoko ekitaldiak Elizbarrutiko gazteentzat

Eskuragarri dagoz Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzaren web orrialdean, 2013ko Pazkoa ospatu eta bizitzeko proposamen desbardinak (14 urtetik gorako gazteentzat).

Hainbat proposamen aurkezten ditu Idazkaritzak Pazkoa bizitzeko. Lehenengo eta behin, sarbide aldiko (14-16 urteko neska-mutilentzat) Pazkoa antolatu dabe Oruen (pasiotarren etxea) Eguen Santu goizetik Pazko Egunera arte (martxoak 28-31). Bertan, dinamiken, barneratzerako uneen eta egun horreetako berariazko ospakizunen bidez, hastapenak eskaintzen jakez gazteei Aste Santu eta Pazkoaren inguruko oinarrizko gaietan.

“Auzolan pazkoa” be prestatu dabe 14-16 urteko gazteentzat: lau egunetako konbibentzia, Bakioko etxe baten mantenuan lan egiteko eta adiskidetasunezko giroaz gozatzeko, Jesusen bizitzako azken egunak gogora ekarriz eta bere berbizkundearen poztasuna barriro biziz. Honako hau, martxoaren 27tik 31ra egingo da, hau da, eguazten arratsaldetik domeka goizera arte.

Hirugarrenik, sarbideko Pazko ibiltaria eskaintzen da Meatza inguruan 14 eta 16 urteko neska-mutikoentzat eta inguru horretako taldeek antolatuta eta talde horreetakoak ez diranei be zuzenduta. Goizetan ibili egingo dira eta arratsaldetan dinamikak eta barneratzerako uneak eukiko dabez, neskato-mutikoak egun bakotxean ospatzen dana ezagutu eta bizi daien.

Konpromisorako Pazkoa 16 eta 19 urte bitarteko neska-mutilentzat da eta eguaztenetik –martxoak 27- domekara –martxoak 31- egingo da. Lekua zehaztu barik dago eta partaideen arabera erabagiko da. Goizez boluntario lanetan jardungo dabe bazterketazko errealidaderen batean (jantoki soziala, umeei lagun egin, nagusiei lagun egin…) eta arratsaldez egunez egun bizi daben esperientziaren irakurketa sinisteduna egingo dabe, Aste Santuaren berariazko espiritualtasunetik eta ospakizunetatik.

Honeek dira, Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzaren web orrialdean aurkitu daitekezan proposamenetako batzuk.

bizkeliza.org webgunetik hartuta

2013/03/22

Zergaitik hil eben kurutzean Nazareteko Jesus?


Velazquezen Kistoa
Jesus nazaretarra, Jainkoaren Erreinuaren profeta maitagarria, gurutze baten josita hil zan gure aroko 30.urtean, apirilaren 7´an, ziur asko. Baina zein gaiztakeria egin eban Jesusek holako azken negargarria emoteko? “On egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen”…Jainkoaren maitasuna eta errukia iragarten…arerioak maitatzeko eskatzen bizi izan zanak, merezi ete-eban holako esker txarrik?

Jesus ez zan inuzentea eta konturatzen zan Berak iragarten eban “Jainkoaren Erreinua” iragartea oso arriskutsua zala herri-agintarien, erlijio-agintarien eta era guztietako boteretsuen aurrean. “Erreinu” honen bidez Jesusek pobreen, behartsuen, baztertuen eta zapalduen zoriona nahi eban eta politika, erlijio eta boteretsu guztiok ez eben nahi euren egoerea aldatzerik.

Jesusek min emoten eutsen Israelgo Herri-agintariei, Erromako agintariei, Jerusalengo tenploko abadeei eta herriko aberatsei eta ezin eben ikusi euren begien aurrean.

Honetan, Jesusek bere adiskide Lazaro bizira erakarri eban eta jende askok Jesusegan sinistu eban. “Baina haretariko batzuk fariseuakana joanda, Jesusek egindako miraria azaldu eutsen. Orduan, Abadeburuak eta fariseuak Batzarra egin eben, eta hauxe inoen: “Zertan dihardugu? Gizon honek mirari asko egiten ditu. Horretan uzten badogu, danak sinistuko dabe beragan; eta erromatar agintariak, eskuharturik, hondatuko deuskuez gure Jerusalengo Tenplo santua eta gure Herria”(Jn. 11, 45-48).

Abadeburu zan Kaifasek, hauxe esan eutsen: “Konturatu zaiteze hobe dala gizon bakar bat herriagaitik hiltea, herri osoa galdu dadin baino”…”Eta egun haretatik Jesus hiltea erabagi eben. Horregaitik, harrezkero, Jesus ez zan judeguen artean agirian ibilten” (Jn. 11, 49-54).

Judas Iskariote, Jesusen 12 lagunen taldekoa zan ezkero, ba-ekian Kaifasek eta bere Batzarrekoek Jesus hiltea erabagi ebena. Bestetik, ikusirik, Jesusen lagun izanda ez eukala mundu honetan etorkizun haundirik, abadeburuakana joan zan eta hauxe esan eutsen: “Zer emon nahi deustazue, eta neuk ipiniko deutsuet eskuetan?. Hareek hogeita hamar zidar-diru eskaini eutsoezan. Eta harrezkero, Jesus harei saltzeko aukera bila ebilen Judas” (Mt. 26, 15-16).

Jetsemani zan aukerarik onena eta egokiena Jesus hareen eskuetan ipinteko, sarritan joaten zalako hara otoitz egitera. Jesusek eguen santuz ospatu eban Pazko afaria bere apostoluekin. Bere despedidako afaria zan. Eukaristia sortu eban, maitasunaren agindua emon eutsen eta bere bihotzeko mina agertzen deutse euretariko batek salduko ebalako. Judasi, barriz, holan esan eutson: “Egitera zoazena hainbat lasterren egizu”. Urten eban Judasek afari-gelatik eta joan zan bere asmoak betetzera. “Gaua zan”, dino ebanjelariak. Eta afaria amaituta Jetsemanira joan zan Jesus bere apostoluekin otitz egitera.

Giottoren Judasen musua
Otoitzean egozala, han non agertzen dan Judas tropel handi batekin eta musu maltzur batekin saltzen dau Jauna. Lotzen dabe eta handik zuzen abadeburua zan Kaifasegana eta bere Batzarraren aurrera daroe. Batzarrean ezin eben aurkitu ganorazko arrazoi bat heriotzako zigorra emoteko. Azken baten Kaifasek berak itandu eutsan: “Esan eiguzu, zu zara Mesias, Jaungoikoaren Seme bedeinkatua? Eta Jesusek erantzun: Bai, neu naz. Hori entzutean, Kaifasek bere jantziak urratu zituan eta esan eutsen batzarkideei: Entzun dozue biraoa. Zer deritxazue? Eta guztiak batera heriotzako zigorra merezi ebala ebatzi eben” (Mr. 14, 61-64).

Baina judeguek, erromatarren menpean bizi ziran ezkero, ez euken eskubiderik inori heriotzako zigorra emoteko. Horregaitik, Jesus hartu eta lotuta, Erromako gobernaria zan Pontzio Pilatorengana eroan eben, Jesus hilteko haren baimena behar ebelako.

Antonio Ciserriren Ecce Homo
Beste alde batetik, ondo ekien judeguek Pilatori ez eutsoela ardura ezertxo ere judeguen erlijioko arazoak. Adibidez, Jesusek bere burua Jainkoaren Seme egiten ebala-ta, hori ez zan bidezko arrazoia Pilatorentzat. Horregaitik, judeguek beste arrazoi batzuk ipini eutsoezan Pilatori:

-          Honek herri osoa naztatzen dihardu.

-          Honek dino ez jakola ordaindu behar zergarik Erromako Zesarri.

-          Honek dino berau dala judeguen erregea.

Salaketa guztiok guzurrezkoak ziran. Baina, Pilato Kaifasen adiskidea zan

ezkero, berari eta bere batzarrekoei kontraesanik ez egitearren, eta eurekin txarto ez geratzearren, Pilatok Jesus heriotzara eroateko baimena emon eutsen judeguei.

Miguel Angelen La pietat
            Honexek dira, gutxi gora-behera, Jesusen heriotza dala-ta, Ebanjelioetatik atara geinkezan giza mailako arrazoiak. Baina Jesusen heriotzaren helburua, erlejino edo politika arrazoi batzuk baino hurrunago doa:

a)      Jesus, Liburu Santuak inoenez hil zan. Hau da, Jesusen heriotza Jaungoikoaren salbamen asmoetan egoan.

b)     Jesus, geugaitik eta geure alde hil zan. Bere heriotza, salbagarri bihurtu zan guretzat. Gure pekatuetatik salbau ginduzan.

c)      Jesusen heriotzak, Jaungoikoaren gizonaganako maitasun neurribakoa agertzen deusku: “Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua…bere Seme bakarra bialdu eban gure pekatuen ordain-opari”.

 

 

Garitaonandia eta Sardui´tar Jesus

  Begoñako Santutegiko Erretorea

  

2013/03/14

Frantzisko Aita Santua


Aita Santu barri bat dogu!!  Eta pozteko arrazoi asko dagoz: pertsona apala, azkenengoen hurbila, hegoamerikarra, jesuita …  Aita Santu barri honek Frantzisko izena hartu dau. Eta aukeraketa hau oso esanguratsua da kristauentzat. Guztioi bi Frantzisko datozkigu burura. Bidean.net webgunean euren bizitzak topatu daikeguz :

Asisko San Frantzisko:

Italiako Asisen jaio zan 1182. urtean; eta 1226. urteko urriaren 3an hil zan. Bere eguna urriaren 4an ospatzen da. Frantziskotarren sortzailea izan zan; eta geroago Klaratar monjena ere bai.


Asisko San Frantzisko
Merkatari aberats baten seme izatetik pobretasun gorrian bizitzera jo eban bakardadeko bizitzan, bere buru eta bihotz Ebanjelioari lotuz. Gaztetan munduko sasi-artean katigu bizi izan zan, alperkerian eta nasaikerian. Halan ere, diru kontuan bihotz eta eskuzabal agertu zan beti, bai txarrerako eta bai onerako.

24 urteko zala, giro horretatik aldenduten hasi zan, burumakur eta pentsakor. “Zer, ezkontzeko arduraz kezkatuta ala?”, itandu eutson mutil bati, halako erantzuna emon eutson: “Bai, horixe bera: ezkontzekotan nabil, eta eskeini naiakon emaztea hain da ederra, hain ona, hain aberatsa, zuk holangorik ez dozu sekula ezagutu”. Goi argiz ezagutu eban Eleizea zan emaztegai hori.

Aitak inun diranak egin ebazan, semeari burutik amets horreek kentzeko; abade eta gotzain arazo horretan sartzeraino. Baina alperrik, Frantzisko berean gero eta sendoago. Jantzi eta apainkeri guztiak gotzainaren eskuetan itzita, bakardadera jo eban. Ermitatxo zahar baten aurkitu eban gordeleku bat, Kurutze ederra erdian ebala. Bere aurrean otoitzean egoala, Kurutzeko Jaunak dei egin eutson: “Frantzisko, zoaz eta erabarritu egizu nire Eleizea, dana bertan behera hondatua dago-ta”. Baina ez zan San Damian ermitatxoa bakarrik; Eleiz bizitza osoa egoan lurjota; hori zan Jaunak bere gain ipinten eban arlo ederra baizen astuna.

Frantzisko gazteak hartu eban bidea, bai zuzena eta garbia, baina latza. Uste baino lehenago batu jakozan hainbat gazte, bizibide barrian lagun izan gurarik.  Baina Frantzisko eukan garra behar barruan; laster sortu jakozan eten-urratuak lagunartean. Frantziskok aurrera egin eban, hasibarri zan lagunartea zuzentzeko Erromara jo eban laguntza eske. Espirituak eraginda, Jesus beraren irudi bizi bihurtu zan Frantzisko: Jaun Kurutzeratuaren zauriak ezarri jakozan gorputzean, otoitzean su ta gar egoanbaten. Izan ere, hori zan bere ardura nagusia.

Geldiezina bihurtu zan: Erromara, Aprikara, Jerusalenera, Konpostelara etabar bideak jorratu ebazan. Gaixoak, legenardunak, baztartuak ziran bere lagunak, euren artean harrigarriak eginez. Aingeruzko kontenplalari bihurtu zan, zeru-lur-itsasoetako gauza guztiak anai-arrebatzat hartuz. Eta bakezale eta bakegile aparta izan zan. Gaur ere gure artean sarri erabilten dogu harako bere “Bake-otoitza”.

Jauna, egin gaizuz zure bakearen zerbitzari.
Gorrotoa nagusi dan lekuan,
guk maitasuna jarri daigula,
iraina nagusi dan lekuan, barkamena jarri daigula,
haserrea nagusi dan lekuan, batasuna jarri daigula,
gezurra nagusi dan lekuan, egia jarri daigula,
zalantza nagusi dan lekuan,
sinismena jarri daigula,
etsipena nagusi dan lekuan,
itxaropena jarri daigula,

ilunpean nagusi dan lekuan, argia jarri daigula,
tristura nagusi dan lekuan poztasuna jarri daigula.
 

Gure jokabide izan dadila, Jauna,
ez gu poztuak izatea, guk poztu daigula baino,
ez gu onartuak izatea, onartu daigula baino,
ez gu maitatuak izatea, maite daigula baino.

Izan ere, Zuk erakutsi deuskuzu, emotea dala, hartzaile izateko bide;
norberaz ahaztea dala, nork bere burua aurkitzeko bide;
eta hiltzea dala guretzat, betiko bizitzara berbizteko bide.
 
44 urteko zala hil zan, baina mundua Jesusen usain gozoz bete ondoren. Gizaldietan zehar bizirik dirau San Fantziskoren aztarrenak.

 Xabiereko San Frantzisko:

XABIERKO FRANTZISKO, Xabierko gazteluan jaio zan 1506. urtean; Jassutar Joan eta Azpilikuetatar Maria izan ebazan guraso, Naparroako jatorri ospetsuaren babesean. Urte berean hil zan Colon, mundu barria aurkitu eta Ebanjelioarentzat ere bide barriak zabaldu ondoren. Urte batzuk geroago, Xabier santuak zabalduko ebazan sortalderako Ebanjelioaren bideak, India eta Japon lurraldeetara.

Bere aita Naparroako erregearen kontseilari izan zan, eta Kastilarrak Naparroa menderatu ebenean hil zan. Bere anaiak su ta gar zaindu eben lurralde hau, Iruina eskuratzea lortu eben (Loiolako Inazio Kastilatarren buruzagi zala).

Parisera joan zan gazterik ikasketak egitera, gogo beroz eta burua argiz filosofiako maisu distiratsua izatera helduz.

Xabiereko San Frantzisko
Hemen jatorko JAUNAREN DEIA, Loiolako Inazio bitarteko zala. 1525. urtean egin ebazan erlijioso botoak, Inaziogaz batera.


Hasieratik bere misiolari garra eutsi ezinik, Indietara jo eban eta 1542. urtean heldu zan Goara. Halako sailak aurrean ikusita, Xabier geldiezina zan: bertako hainbat hizkuntzetara jarri ebazan kristau sinismeneko egiak eta otoitzak. Harritzekoak egin ebazan misiolari lanetan: ezin-zenbatu ahala bateatuak, astunak eta arriskutsuak bere gain Eleizeak jarritako arazoak (Aita Santuak bere ordezkari izendatu eban Sortalde osorako).

Eta 1552. utean, abenduaren 3an hil zan Xabier, 46 urteko zala. Bere heriotzako ataltxo bi azpimarratuko doguz: hilten egoala ahopean otoitzean ziharduala, inok ulertzen ez eban hizkuntzan entzun eutsoen; askoren ustez Euskeraz; zeozegaitik da Euskeraren zaindari; eta bigarrena, Xabier hilten egoala, Xabierko gazteluko Santokristoak odol tantak ixuri ebazala.

Xabiereko San Frantzsikoren Misiolari Bidaiak
Pio X. garrenak Sinismen Zabalkundearen zaindari izendatu eban. Berau dogu, gainera, Jesus Umearen Teresatxo doneagaz batera, Misino eta Misiolari guztien zerutar eredu eta zaindari.