2014/01/15

Izan bihotz! Patxi Loidi eta beste



Izan bihotz! liburua klasiko bat izan da euskerazko otoitz esku-liburuen artean. Patxi Loidi jaunaren gidaritzapean lagun talde batek lan itzela egin eban otoitz eta kantuak batzen, euskeratzen, sailkatzen... Hona hemen klasiko ha doan guztiontzat.

(Esker mila Arratiako lagunei material ha partekatzeagaitik)



2014/01/14

"...eta egiak aske egingo zaitue" (Jn 8, 32)

Laster dbh 3. eta 4. mailetan etika eta moralaren gaiak landuko doguz. “Eztabaidaren bidez argia sortzen da” dino ilustrazioaren esaldi ospetsu batek, eta eztabaiden bidez egia hobeto ezagutu daikegu, baina askotan muturreko jarrerak sinplistegiak dira eta errealitatea deformatzen dabe. “Tesia Antitesia Sintesia” bidez errealitatea jaubetzeko bidean sartuko gara.
 
Dana dala, etika eta moralaren barruan dana ezin da onartu. Erlatibismo moraletik alde egingo gara. Errealitate konplexu eta bakarra dagoen lez, egia bakarra eta konplexua izan daiteke. Giza eskubideak gure oinarriak izango dira, baita bizitzaren eta maitasunaren Jauna gure inspirazioa: “egiaz nire ikasle izango zarie; ezagutuko dozue egia, eta egiak aske egingo zaitue”

2014/01/07

Baina, zer esan gura dau "gizalegezko lana"?

Baina, zer adierazoten dau «gizalegezkoa» berbeak lanaz dihardugunean? Edozein gizartetan, gizon edo emakume guztien funtsezko duintasunaren adierazpena dan lana adierazoten dau: askatasunez aukeratutako lana; beharginak, gizonezko eta emakumezkoak, euren alkartearen garapenari eraginkortasunez lotuko dituan lana; bazterketa guztiak saihestuz, beharginak errespetatzea ekarriko dauan lana; familien beharrizanak aseko dituan eta familiei, umeak, derrigorrez lan egin behar izatetik askatuta, eskolara bialtzeko aukerea emongo deutsen lana;  beharginei askatasunez antolatzeko eta euren ahotsa entzunarazoteko aukera emongo deutsen lana; arlo pertsonal, familiar eta espiritualean norbere sustraiakaz egokitasunez bat egiteko tartea itziko dauan lana; erretiroa hartzen daben beharginei biziaro duina ziurtatuko deutsen lana.

Caritas in Veritate (CV). Osoko giza garapena karidadean eta egian gaiari buruzko entziklika. Benedikto XVI.a. 63. zenb.

Urtarrileko fitxa

2013/12/16

Eskerrik asko Madiba, Historiak ez zaitu ahaztuko




Abenduaren 5ean joan jaku Nelson Mandela, baina ez betirako. Ezinezkoa izango da Madiba ahaztea. Hegoafrikako beltzen eskubideak babesteagaitik 27 urte kartzelan egon eta gero, arrazakeria eta ezbardintasun klasisten aurka egindako borroka baketsuaren ostean, irrifarretsu urten zan kalera, eta arraroa dirudien arren, bere zigortzaileak parkatu zituen. Euren errugby kamisetak zuri baltzean ikusi gura zituen Madibak, bardintasunerako bide gogorra eraikiz. Errespetuaren bide baketsu hori munduko etxe guztietako telebistetara heldu zan, eta gure bihotzetara. Orain gure txanda da, hemetik aurera ez da Nelson egongo borroka hontan baina bai Madiba, eta betirako gainera. Munduko toki guztietatik eman deutsegu azken agurra bardintasuna, parkamena eta errespetuan oinarritu dan pertsonari; bere bidearekin jarraitzea falta jaku orain eta horrexegaitik Historiak ez dau sekula ahaztuko, eskerrik asko Madiba !


Mila esker Markel !!

2013/12/12

Gabonetako “bidezko” erosketen alde

Caritas, Misinoak eta Alboan erakundeek sustatzen daben Bizkaiko bidezko merkataritzarako ekimen solidarioak merkataritzako hartu-emon zuzenagoen alde egiten dau. Honan lansari duina ziurtatzen jake Hegoaldeko beharginei, beste erabateko eredu ekonomikoa bultzatuz. Kidendak Bilbon daukan dendan (Viuda de Epalza, 6), bidezko merkataritzako produktuez osatutako otzarak prestatzen dabez Gabonetarako.

 
Tamara Carranza da “kontsumo kritiko eta arduratsua, gizabanakoak eta ingurumena errespetatzen dituan kontsumoa” suspertzen dauan Bilboko dendako arduraduna. Tamara bera eta egunotan dendan laguntzen deutsen boluntarioak lanpetuta dabilz, Gabon aldi honetan batzuek alkartasunaren alde egiten dabelako eta bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzen dabezalako.

Partikular batzuek, eta baita enpresek be, aurrekontu jakin batera egokitutako Gabonetako otzarak eskatzen dabez, “arlo honetan be igartzen jakolako krisiari”, dendatik adierazoten dabenez.

Bidezko merkataritzako elikagaiak, artisau-lanak, bitxigintza-lanak eta ehungintza-lanak eskuratzeko aukerea emoten deutse Kidendak gura daben guztiei. Produktuak bitarteko barik erosten dira, “ekoizleakazko hartu-emon zuzenean”, dino Tamarak. Beste alde batetik,  produktuek erespide jakin batzuk beteten dabez kalidade teknikoa, soziala eta ingurumenekoa ziurtatuz.

Latinoamerikan, Afrikan eta Asian bidezko merkataritzako erakundeetan jarduten daben ekoizleek lansari duina jasoten dabe euren lanagaitik, eta mozkinak alkartearen garapenean inbertitzen dabez.

bizkeliza.org werbgunetik hartuta