Jesu Kristo gure Jauna,
Zuk, zeruko Aita bezala errukitsu izaten irakatsi diguzu,
eta Zu ikusten zaituenak Aita ere ikusten duela esan diguzu.
Erakutsi guri zeure aurpegia, eta lortuko dugu salbamena.
Maitasunezko zure begiradak libratu zituen Zakeo eta Mateo diruaren esklabo izatetik;
baita adulteriogilea eta Magdalena ere
zoriontasuna izaki huts den norbaitengan bilatzetik;
Pedrori negarra eragin zion saldukeria egin ondoren,
damututako lapurrari, berriz, Paradisua ziurtatu zion.
Egizu, gutako bakoitzak entzun dezala, geuri esandako hitza bezala,
Zuk emakume samariarrari esandakoa:
Jainkoaren dohaina zein den jakingo bazenu!
Zu zara ikusezina den Jainkoaren aurpegi ikusgarria,
ahalguztidun izatea, batez ere, barkatzean eta errukitsu izatean
erakusten duen Jainkoarena;
egizu, Eliza izan dadila, munduan, zure aurpegi ikusgarria,
Zu baitzaitu Elizak bere Jauna, piztua eta aintzatsua.
Zuk hala nahirik, argaltasunez jantziak dira zure apaizak ere,
benetako errukia senti dezaten ezjakinentzat edota oker dabiltzanentzat;
egizu, horiengana hurbiltzen denak suma dezala
zain duela Jainkoa, bera maitatzeko eta barkatzeko.
Bidali guri zeure Espiritua eta sagara gaitzazu guztiok haren igurtziaz
errukiaren Jubileua Jaunaren onginahi-urtea izan dadin
eta zure Elizak, gogo-berriturik, Berri Ona behartsuei eman diezaien,
gatibu eta zapalduei askatasuna hots egin
eta itsuei ikusmena eman diezaien.
Hala eskatzen dizugu, Ama errukitsua den Andre Mariaren otoitzarekin bat eginik,
Aitarekin eta Espiritu Santuarekin batean errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.
Amen.
Loiolako Santutegiko Webgunetik hartuta
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina