Zanpantzarrak Portugaleten |
Hautserre eguna da Garizuma aldiaren
hasierako eguna. Eta garizuma aurreko domekan, hain zuzen,
Bizkaiko herri askotan, eta lagunarte giroan, "basokoipetsuak",
"sasikoipetsuak", "basatosteak",
"kanpora-martxoak" edo "txitxiburduntziak"
ospatuko ziran.
Egunotan, inauteri, haratuste edo karnabal egunetan gagoz bete-betean. Zuberoako "maskaradak", Lapurdi ta Benaparroako "kabalkadak", Naparroako Ituren eta Zubietako "zanpantzarrak" martxan doaz. Arabako Zalduendon “Markitosen” pasialdia eta bere azken-epaia ospatuko ditue. Mundakako "Atorrak-musika taldea” osotzen dabenak hor dabiltz kantu-kantari. Markinako zaragi-dantzakoak, "Hartza" lagun dabela, euren kalejirak egiten dihardue. Baita beste karnabal talde guztiak ere egun hauetan urtengo dabe kalera euren jaiak ospatzera.
Jai honeek, hasiera baten, antigualeko
"negu-jaietan" sartuta egozan zihur asko. Baina jai honeen
zentzu zakona ulertzeko baserri ta nekazaritza giroan egokitu beharko
gara. Izan ere, sasoi honetan, uzta-batzea eginda dago, abereak
kortaratu dira, eta haziak ereinda dagoz. Negua da. Esan daiteke
izadi guztia hilda lez dagola.
Hori dala-ta, gure antxinako asabak,
jai honeetan erabilten 00zituen erritu majikoen bidez, honako honeek
nahi zituen lortu: espiritu gaiztoak, parte txarrekoak eta
basa-piztiak uxatzea, eta izadiari zor jakon gurtza emotea, laster
agertuko zan udabarriak oparotasuna, ugaltasuna ta bizitza ekarri
egizan. Ondo gogoan izatekoa da prozesu honetan ikusten dan jokoa:
negua-udabarria, hazia ereitea-hazia ernetea, heriotza-bizitza.
Erlijio guztietan ikusten dan sinbolismoa dala.
Beste alde batetik, holako negualdiko
jai batzuetan, gizonkil (muñeko) haundi batzuk erabilten ditue,
adibidez, Naparroako Lantzen "Miel Otxin", Zalduendon
"Markitos", Lapurdin "Zanpantzar", beste leku
batzuetan "Xiganteak", "Galtzuzko gizona" etabar,
eta jaien amaieran herriko plazan erreten dira, urte guztiko pekatuak
eurei leporatu eta gero. Izan ere, gizon-emakume guztiok, geure
kontzientziak ustu eta garbitzeko beharrizana sentitzen dogu. Eta
suak ere garbitu egiten dau. Sua erlijio guztietako sinbolo bat da.
Kristautasuna heldu zanean, Eleizeak
kristautu egin zituan holako jai paganoak aldi honetan Garizumea
ezarriaz. Garizumea, Pazkoa edo Jesusen biztuerea prestatzeko aldia
da.Eta garizumeak, hain zuzen, lehen neguko jaiei buruz aipatu
doguzan sinbolo ta adierazgarriak daroaz: adibidez, negua-udabarria,
heriotza-bizitza, pekatua lurperatu-bizitza barri bat biziteko,
heriotza-berbizkundea, bariku santu-pazko eguna. Guzti hau, jakina,
Jesukristogaz lotuta: Jesus geugaitik gizon egin zan, gure pekatuak
leporatuz kurutze baten hil zan eta hirugarren egunean berbiztu,
zeruko ateak geuri zabaltzeko. Gogoratu daiguzan lehen aipatu doguzan
gizonkilak,zelan leporatzen deutsezan herriko pekatu guztiak, azken
baten sutan erreteko.
Halan ere,
karnabal-karnabalak edo aratusteak, Erdi Aroan sortu ziran. Eta
hasiera baten jai kristauak izan ziran. Hau da, holgantza ta
alaitasunezko jai batzuk, gainean etorren garizuma luzerako indarrak
hartzeko. Izan ere, garizumea, otoitz, penitentzi, haragi-izte
ta konbertsino aldia da. Eta hemendixek, hain zuzen, jatorke etorri
ere izena jai honeei, haragi iztetik, haratusteak edo haragi-izte
egunak, "carnestolendas", karnabalak.
Garizumea eta Pazkoa ez dira urtero data bardinetan ospatzen.Zergaitik? Jesukristoren egunetan lez, gaur ere Pazkoa udabarriko lehenengo ilargi beteaz ospatzen dalako.
Aurten, otsailaren 13an, hautserre
eguna ospatuko dogu, hautsaren eguna, garizumearen hasierea. Eta gure
Elizak hauts bedeinkatua gure buruetan ezarriaz, honako berbak esango
deuskuz:”Bihurtu zaitez eta sinistu Barri Ona” edo “Gogoratu
hauts zareana eta hauts bihurtuko zareana”. Garizumearen hasieran
gogoratzen jaku, ba, gu gizon-emakumeok, geurez ezerezak gareala eta
ezer baldin bagara, Jaunari esker gareala.
Pazkoa edo Jesukristoren Berbizkundea
da kristau fedearen oinarria, kristinauontzako jairik handiena.
Garizumea, barriz, Jesusen Berbizkundea prestatzeko aldi berezia.Izan
ere, garizumea geure fedeaz jabetzeko eta gure kristau bizitzak
aztertzeko berebiziko aldia dogu. Jaungoikoaren Hitza entzun eta
egintza onak egiteko sasoi egokia. Garizumea, bihotz barritze eta
aldaketa aldia da. Gure pekatuzko bizitzak aldatu eta Jaunagana
bihurtzeko aldi egoki-egokia.
Garizuma honetan Jaunagana bihurtzeko
bideak, barriz, Jesusek berak izendatzen deuskuz Ebanjelioan:
Otoitza, baraua eta limosnea.
-
Lehenengo otoitza, hau da, Jaungoikoagaz bat egin eta bere maitasunaren eta urbiltasunaren
esperientzia izan.
Eta hori otoitzaren bidez lortu behar dogu.
-
Bigarrena, baraua eta haragi iztea. Hau da, gure gorputzak hezi
gitxiago janez eta haragia izteaz. Baina guk jaten ez doguna izan
daitela jatekorik ez daukenen probetxurako. Hemendik sortzen da…
-
Hirugarrena: limosnea. Hau da, geure dirua ezer ez daukenekin
partekatzea edo alkarbanatzea.
Datorren Garizuma honetan, ba,
zabal-zabal jarri daiguzan gure bihotzak Jaungoikoaren Berbea argi
eta garbi onartzeko moduan.
Garizuma hau izan dakigula bide egokia
Jaunagana bihurtzeko eta Pazkoetan Jesukristogaz batera bizitza barri
batera biztuteko.
Garitaonandia eta Sardui´tar Jesús
Begoñako Santutegiko Erretora
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina