2013/01/10

Deituak proiektua Bizkelizan

2013/01/10
Ikasleek eliz alkarteetan laguntzen dabe

Begoñazpiko ikasleak egitasmo solidarioetan

Begoñazpi elizbarrutiko ikastolako Batxilergoko lehen mailako ehun ikasle inguruk ‘Deituak’ izeneko irakasgaia lortu dabe erlijinoko, filosofiako eta herritartasuneko eskolen konbinazinoari esker. Formatu honen bitartez, hiru eratara hartzen dabez eskolak: gelan bertan, gelatik kanpo eta Internet bidez. Eskola praktikoei jagokenez, talde bakotxak garatuko dauan zerbitzu solidarioa aukeratzen dau. Jon, Jackes, Haritz, Sendoa eta Iñigok Algortako Tourseko San Martin parrokiako misinoetarako taldearentzako blog bat prestatzea erabagi dabe.


Begoñazpin, ‘Deituak’ irakasgaian parte hartzen daben taldeez arduratzen diran irakasleetako bat da Emilio Mañas eta ikasleek, hiru irakasgai desbardinak buztartzeari esker, egiten daben lan praktikoaren barri emoten dau: “Azken batean, gure helburua bikotxa da: gazteek kontzeptu teoriko batzuk ikasi daiezala eta, aldi berean, praktikan garatu daiezala. Horrezaz gainera, behar daben erakunde batzuei zerbitzua eskaintzeko moduan bagagoz, ba, askoz hobeto”.
Caritas, Elizbarrutietako Misinoak, Alboan edo parrokietako talde batzuk dira Begoñazpi ikastolako ikasleek garatzen diharduen egitasmoen “onuradunak”. Azken ekitaldian, Begoñazpi ikastolak urtero banatzen dauan ‘Gazte Role Model Saria’ jaso dauan Carmen Amurrio “pozarren” dago ikasle honeek eskeintzen diharduen zerbitzuagaitik. “Kide nazan Tourseko San Martik parrokiako misinoetarako taldeak guztiz sakabanatuta jarduten dau Bizkaiko eta Gipuzkoako parrokietan. Ikasleek prestatuko deuskuen blogari esker, askoz hobeto aprobetxatu ahal izango dogu gure lana”, dinosku alai, egin izan deutsen eskaintzagaitik. Gainera, edukinak frantsesez, zein gaztelaniaz, zein ingelesez, zein euskerak aurkeztuko dira. “Honan –zehazten dau- bolga prestatzen, gaiez beteten –eta hizkuntza desbardinetan gainera- lagunduko euskuela esan eustenean, zoragarria iruditu jatan”.

Tourseko San Martin
Algortako Tourseko San Martin parrokiako misinoetarako taldea orain dala 30 urte jarri zan martxan, Alfonso Sáinz elizbarrutiko abade eta misiolariari laguntzeko. Abade honek 1990. urtean hasi eban eskolatzerako eta lanbide heziketarako egitasmoa Kongoko hego-ekialdeko oihanaren bihotzean dagoan Kansenia bailaran. 2004. urtetik aurrera, egitasmo honen bitartez, 19 herrixkatatik etorritako 2.300 ikasleri eskaintzen jake arreta. “Orain, klik baten bidez, han jarduten daben monjek parrokietan egiten doguzan bilketak ikusi daikiez eta, gainera, ideia barriak emon deikeguez, misinoari hobeto lagundu deiogun”, esaten deutse Carmenek ikasleei, eurek bloga aurkezteko erarik onenaren inguruan galdetzen deutsen bitartean. Jonek, esate baterako, aurkezpenen edukina eta Kanseniako irudiak ‘Prezi’ web aplikazinoaren bidez egitea aholkatzen deutso. Karmeni ondo iruditzen jako. Ikasleak lanean hasten dira. Bloga eta aurkezpena martxan dagoz. “Orain martxorako amaitu egin behar da eta eutsi egin behar jako”, adoretzen ditu irakasleak.

Bizkeliza.org Bilboko Elizbarrutiko Webgunetik hartuta

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina