2011/11/18

2011ko "Gazte Model Saria" Begoñazpi Ikastolan

Begoñazpi Ikastolak `Gazte Role Model Saria´emon eutsen gure inguruan eredugarri diran enpresari biri. Ondo egindako lana eta alkartasuna dira euren ezaugarrietariko batzuk. Juan Luis Arregik eta Luis de Lezamak "bihotz-bihotzez" eskertu eben saria.

Bizkeliza webgunean agertzen dan barria:

Elizbarrutiko Begoñazpi Ikastolak eratutako ekitaldira ikasleak, irakasleak eta aurreko urteetan saria irabazi ebenetariko batzuk joan ziran. Topaketan, beste behin, eragile eta ekintzaile on bi saritu ebezan eta, kasu honetan, sarituek, zuzendu eta suspertu dabezan enpresetan egin daben lan goraipagarria omendu gura izan dabe.


Mallabiko semeak, Juan Luis Arregik, "gehien ikutu dauan saria" izan dala onartu eban. Amurrioko abadeak, bere aldetik, poza agertu eban, aurrerago, ikasleei bere esperientziak kontetako modua izango daualako.

Juan Luis Arregi, ENCE enpresako presidentea da. Lantegi honek biomasea erabilten dau energia ekoizteko. Enpresaria hunkituta azaldu zan jasotako sariagaitik eta gazteei esan eutsen bera "ez datorrela lezinoak emotera, bere esperientzia kontatzera baino". Mallabitarrak argi itxi gura izan eban "onena izan ez arren, garrantzitsuena ahalegintzea dala", baina berak, beti onena izateko asmoz egin dauala lan, esan eban. Ausardia, arriskua eta "benetako ahalegina" garaipena lortzeko giltzak dirala gehitu eban. Bere egunean, Iberdrolako zuzendaritzatik urtetako arrazoia zein izan zan esan eban "zatiketearen kontra egon nintzalako". ". Gauzak egiteko modu bi dagoz, esan eban, "ona eta txarra", eta munduan goi mailako enpresen artean dagoan Iberdrolak ondo egin ebazan gauzak ehun urte baino gehiagotan, egoera trakestu zanean, handik urtetea erabagi eban enpresariak.

Juan Luis Arregik, bere berbaldian, gaur egungo krisia aipatu eban: "burua altxauko dogu", esan eban, "oinarri sendoak daukaguzalako", baina "lana eta aurrezkia" ezinbestekotzat jo ebazan.

Luis de Lezama, abadea, enpresaria, kazetaria eta idazlea danak Gandhiren hausnarketeagaz hasi eban berbaldia: "gauza garrantzitsuak egiteko ez da dirurik behar". Lezama taldeak 22 milioi euro fakturetan dauz urtero, baina, "zor handiak daukaguz", azaldu eban enpresariak. Aurrean egozanei, "kamisetea sentitzea" zein inportantea dan gogoratu eutsen, eta edozein helburu lortzeko "zarean lekukoa zareala sentitzea" ezinbestekoa dala esan eban. Giza balioak eta barritzaile izatea garrantzitsuak dirala esan eban, baina batez be, bakotxaren trebeziak zeintzuk diran jakitea inportantetzat jo eban. Luis de Lezamak barre algarak eragin eta titular batzuk emon ebazan: "Legeek hezi beharrean desitxuratu egiten dabe sistemak aldatzeko gai ez badira", "Kaosa da nagusi enpresetan. Kaosa bideratzen dauana, ondo ibiliko da", “Egunerokoan jausten danak ez dau irabaziko" “Informazinoa ez eze, orain heziketea behar dogu"… izan ziran esandako esaldi batzuk.

Ikastolak erakusteaz gain, ikasi egiten dau

Bikario nagusiak, Angel Maria Unzuetak, bere berbaldian, Begoñazpi Ikastolaren eleiz izaerea azpimarratu eban. "Ikastolan irakatsi eta ikasi egiten da" esan eban. "Danok gara, neurri batean edo bestean, irakasle eta ikasle", azpimarratu eban Unzuetak. Juan Luis arregi, mallabitarra, baina ez "mallabi-txarra" adierazo eban bikarioak. Era askotako energia lantzen dabilen enpresaria izateaz gain, "handik eta hemendik, bultzaka, hauspoari ekin eta ekin dabilen" pertsona adoretsua eta arnasa emoten dabilena dala esan eban.

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Ana Isabel Valenciagak; Bilboko Udaleko euskera zinegotziak, Sabin Anuzitak eta Aldundiko sustapen eta barrikuntza zuzendariak, Gorka Estevezek be hartu eben parte. Amaieran, `Golden Appel Quartet´taldearen zuzeneko musikeaz gozetako modua egon zan.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina