2012/06/26

Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (I.B.I.) Dala-ta

Jesus Garitaonandia
Jesus Garitaonandia
            Espainiako estatu mailan, bost milioi lagun baino gehiago langabezian  dagozan krisialdi larri baten sartuta gagoz; krisialdi gogorra danontzat, baina batez ere gazteentzat. Eta Europako Batasuna zuzentzen daben politikariek dinoenez, Europako nazioak gerriak estutu beharko dabez, gitxiago eralgiz eta gehiago aurreratuz. Hortik datoz, ondoren lez, Españako Gobernuak erabagi dituan ekonomi plangintzako ajuste eta murrizketak. Ajuste eta murrizketok beharrezkoak izango dira, behar bada,  baina Hezkuntza, Osakidetza eta Gizarte Laguntzan egin diran murrizketak min haundia emon deuskue.



            Krisialdi hau ekonomikoa dala esaten dogu, baina krisialdi hau, aspalditik bizi dogun giza baloreen krisiaren ondorengoa da. Izan ere, pertsonaren balioa, pertsonaren izatetik barik, pertsona horrek dituan ondasunetatik  neurtzen dogu. Hori dela eta,diru zalekeriak, zekenkeriak eta espekulazioak giza baloreak ahaztutzera eroan gaitue: hau da, solidaritasuna, senitartekotasuna, besteekin humanoagoak izatea eta gure gizarteko pobreenak aintzakotzat  hartzea ahaztu ditugu.


            Gauzak honela dirala,  Partido Sozialista Obrero Españolek, Izquierda Unida-EskerBatuak, Juventudes Socialistak eta Europa Laikak zera eskatzen dabe: Eliza katolikoak ordaindu dagiala Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (I.B.I.) eta Elizak dituan  gizarte eta ekonomi pribilejioak”, kentzeko.

            Goazen, ba, gauzak argitzera. Zorionez, Elizak ez dauko pribilejiorik, eta  eukiterik nahi ere ez. Pribilejioak nazional-katolikotasunaren denporak  gogoratzen daustez. Gure aldiko 313. urtean, Erromako Konstantino inperatoreak askatasuna emon eutsen kristinauei euren fedea agirian ospatzeko. Harrezkero, zesaro-papismo deritxon tentazinoa eten bagakoa izan da Europan. Zesaro-papismoa honetantxe datza: imperadoreak, erregeak eta jauntxoak Aita Santu eta gotzainetaz baliatzen ziran euren karguetan mantentzeko. Eta alderantziz, Aita Santuak, Gotzainak eta Elizako arduradunak ere imperatore, errege eta herrietako jauntxoekin baliatzen ziran Eliza babestuta mantentzeko, nahiz eta era honetara Elizeak bere askatasuna galdu mundua Ebanjelizatzeko.

            Gogoratu daiguzan gure arteko azkeneko zesaro-papismoan, Vatikanoak Frankori  emondako pribilejioak: a) Obispoak izango ziranen izenak aurkezteko eskubidea eta b) prozesioetan palio azpian ibilteko eskubidea. Eta dana “kruzada” izenarekin jantzi eban negargarrizko gerra bat egin eta irabazi ebalako.

            Baina goazen idatzi honen harira. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzea edo ez ordaintzea dala-ta dihardugunean, hauxe esan nahi dogu: Elizeak ez daukala ezetariko zergarik ordaindu behar daukazan ondasun higiezinekaitik: elizak, kaperak, pastoral arazoetarako lokalak, obispoen eta abadeen etxeak, obispaduko eta parrokietako bulegoak; seminarioak, eliz-unibertsitateak, erlijiosoen etxe eta konbentuak. Elizeak ez dauko zergarik ordaindu bahrrik holako inmuebleakaitik arazo sozial eta erlijiosoetarako erabilten diralako eta ez dirua irabazteko.
  
Baina ez da Elizeari emondako pribilejio bat. Ez, beste erlijioak eta era askotako erakundeak ere ez dauke I.B.I. hori ordaindu beharrik arrazoi bardinakaitik. Adibidez, ez dabe I.B.I.rik ordaintzen: alderdi politikoak, sindikatoak, ejerzitoak, enbajadak, zentro diplomatikoak, hezkuntzak, penitentziariak, trenen geltokiak, aideportuak, Gurutze Gorriak, ONGak, kirol federakuntzak.

Aspertuta nago beti gauza bera entzuten: Espainiako Gobernuak diruz laguntzen deutsala Eliza katolikoari. Eta hori ez da egia. Espainiako gobernuak ez dautso euro batik ere Elizari emoten. Hori bai, Elizak, Gobernuaren bitartez hartzen dauan diru laguntza, eliztarrak euren deklarazinoa egiten dabenean + ipiniz emoten daben laguntza da. Laguntza hori, eliztarrena bai, baina ez gobernuarena. Eta nahiago nuke laguntza hori beste erlijioei ere emongo baleuskioe.

Harritzekoa da PSOEko organizazinoko idazkariak Eliza katolikuari (eta Eliza katolikuari bakarrik) Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBI) ordaintzeko eskatzea. Ez ete-daki dirua irabazteko ez diran erlijio, organizazino, erakunde eta entitateak ez daukela zerga hori ordaindu beharrik? Ez ete-dau ezagutzen “Mezenazgo Legea eta Alderdi politikoen Finanziaketa Legea ? Eta zerga hori Elizak ordaintzea nahi badau, zertan egon dira orainarte, hogei urtetan gobernatzen  egon ba-dira?. Edozein modutan ere, lasai egon daitela PSOE gure alderditik, Bizkaiko Elizak erlijio edo gizarte arazoetarako erabilten ez diran inmuebleen IBI ordaintzen daualako; baita Balio Erantziaren gaineko Zerga (IVA) eta Udaletxeko zerga guztiak ere.

Entzunda daukat Banketxe haundiak alderdi politikuei eta sindikatoei diru laguntza ederrak emoten deutsezela euren arazo politikuak aurrera eroan dagiezan eta botazinoetarako behar daben laguntza izan dagien. Ederto, baina jokabide hau oso arriskutsua da. Izan ere, Banketxe handi honen diru-laguntzaz Estatua gobernatzera heldu diran alderdi politikuok, zelan sartuko dira banketxeok ondatu dituen arduradunekin? Begira zelan dagoan Bankia. Bankiako arduradunik gehienak PPkoak dira. Atzaparrez aukeratuak. Bankiako banketxe guztiak hondatu dituen arduradunak. Eurak izan dira Bankiako zuzendari, jerente eta arduradunak. Gehienok krisialdi larri baten gagozan bitartean, eurak lotsagarrizko soldatak eduki ditue. Eta euren karguak utzi dituenean,  hizugarrizko miloikadak emon deutsez euren jubilzinorako.

Eta, jokabide hau dala-ta, emon deusten azalpena argia da: Bankuetxeok, enpresa pribatuak diran ezkero, eskubide guztia dauke holako soldatak ipinteko. Bai, ederto; baina eurak izan dira bankuetxeok porrot egitera eroan dituenak, eta orain herritarrok gara geure diruaz bankuok jaso behar doguzanok. Ederto.

Ordaindu behar diran zergak gora-behera, Eliza katolikuak bere lanean jarraituko dau: hau da, fede arazoetan eta elkar-laguntzan (Caritasen). Hortxe dago Elizarean izatea. Hala ere, alderdi politiko eta sindikato askok ez dabe entzun nahi, baina jakin begie zenbat kultur eta gizarte erakunde mantentzen dituan Eliza katolikuak:

5.000 Hezkuntza zentro: milioi bat ikasle.

107 Hospitale

1.000 zentro:dispensario, anbulategi, zaharren eta minusbaliatuen egoitzak.

Caritas: 155 milioi euro zabaltzen ditu pobreen artean.

Esku Alkartuak (Manos Unidas): 43 miloi euro munduko gosearen aurka.

Domund: 21 miloi euro misioetarako.

Berrezkuntza zentroak:toxikomanu eta gizartean baztertuak eskuratzeko.

Orfanatoak: 10.835 haur bertanbehera utziak.

Historia eta Arte Ondarea mantentzea.
 

Azkenez, Juventudes Socialistak deritxoenak, karidade kontuak uzteko eta zergak ordaintzeko eskatzen deutsoe Eliza katolikuari. “Karidadea azken baten karidadea baino ez da, eta azkoz ere garrantzitsuagoa da “justizia soziala”. Egia esan justizia sozialak asko betetzen dau ahoa. Baina ze justizia sozial egin dabe alderdi politikuak eta sindikatoak bost milioi baino gehiago langabezian egoteko? Zein justizia sozial erabili dabe bankuetxeak porrot egitera eroan dituen arduradunak? Justizia soziala behar dan lez beteko balitz… Caritasek ez leuke lanik eukiko. Zoritxarrez, justizia sozial hori falta dalako, gero ta gehiago dira gure parrokietara hurbiltzen diranak Elkar-Laguntza edo Caritas´en bidez gosea kentzeko edo euren gorputzak jasteko edo lanposturen bat aurkitzeko.
 

Hona hemen, bakoitzak bere kabuz hausnartzeko datu batzuk:

C.C.O.O. sindikatoak zenbat jantoki mantentzen ditu pobre eta gosekilei jaten emoteko?

U.G.T. sindikatoak zeinbat hospitale zabaldu ditu gaixo terminalak zaintzeko?

Sindikatoak zeinbat SIDAdun tratatzen ditue?

Beharrizanean aurkitzen dan bat nora joan daiteke janari bila? PP´ren egoitzara?PSOE´ren egoitzara?

Alderdi politiku eta sindikatuok zein justizia sozialarekin emoten dautse jaten edo emoten deutse lana holako premian aurkitzen diranei?


Garitaonandia eta Sardui´tar Jesus

   Begoñako Santutegiko Eretora

1 iruzkin:

  1. Eusko Jaurlaritzako fundazio zerrendan halakoak agertzen dira (eta ez dabe IBIrik ordaintzen):

    Fundación Sabino Arana, Athletic, Guggenheim, BBK, Euskaltel, EHko gazte orkestra, "Fundación laboral del sector de escopetas" (Eibar), Robotiker, Azti, Labein...

    Logikoa da haiek ez ordaintzea eta elizak bai?

    ErantzunEzabatu