2012/06/19

Bizkaiko Elizaren Gizarte Erakundeen Manifestua


Elizaren Gizarte Erakundeok 2012ko ekainaren 11n bildu ginen Bilbon, Urteroko II. Topaketan. Horren harira, gure oinarriei eta gizarte osoari jakinarazi nahi diegu egungo egoeraren aurrean daukagun jarrera. Manifestu honen bidez, errealitateaz egiten dugun irakurketa kritikoa azaldu nahi dugu. Irakurketa hori Bizkaiko beste gizarte-erakunde batzuekin sare eta plataformetan egiten dugun lanaren osagarria da.

Gizarte-ereduaren krisiaren aurrean…

1. "Ongizate Estatua", giza eskubideen garapena antolatzen duen eredua den heinean, Europara bakea ekarri zuen lorpen historikoa da, eta oinarrizko gaietan pertsona guztiei gutxieneko bizi-baldintzak bermatzen dizkien gizarte eredua. Hemen, gure inguruan, "Gizarte Zerbitzuen Sistemaren" eta "Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Sistemaren" garapenak pertsonentzat oinarrizkoak diren prestazioak eta zerbitzuak emateko lege esparrua eta Administrazioaren erantzukizun-maila ezarri dute, bereziki egoerarik zailenetan dauden pertsonei dagokienez.



2. Krisia dela-eta, badirudi arrazoi ekonomikoa beharrizanen gainetik jarri dela; areago, premia larrian dagoen gizartearen zati batek egungo egoeraren ondoriorik latzenak sufritzen dituenean. Krisi honen jatorriarekin zerikusirik eta erantzukizunik izan ez duten pertsonak eta familiak dira zigorrik gogorrena jasotzen duten biktimak. Gizarte Ereduan egindako doikuntza batzuek eskubideak eta parte-hartze soziala mugatu dituzte, eta datu horiek bereziki kezkagarriak dira. Toki mailan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) lortzeko baldintzak aldatu dira, baita Gizarteratzeko Laguntza Bereziak lortzeko baldintzak ere. Estatu mailan, Lan Erreforma eta 16/2012 Lege Dekretua daude, eta beste gauza batzuen artean, Espainian bizitzeko baimenik ez duten atzerritarrei osasun arreta jasotzeko eskubidea kentzen diete.

3. Gainera, konturatu gara krisi egoera honetan pertsona ahulenenganako bazterkeria eta estigmatizazioa gertatzen ari dela gizartearen aldetik. Komunikabideek tratamendu desegokia ematen diete albiste batzuei, eta politikariek eta erakunde batzuek gizarte-laguntzen iruzurra aipatzen dute edo zerbitzu publikoetan denok arreta berdina izatea mugatu behar dela esaten dute. Adierazpen horiek guztiek Giza Eskubideen arloko inboluzioa erakusten dute, eta Elizak pertsonaren duintasunaren aitortzari buruz etengabe esaten duenaren aurka doaz, erabat.

… zerbait egin beharra dago:


4. Orain inoiz baino beharrezkoagoa dugu jarrera aktiboa hartzea eta ekitea, gure gizartea gizatiarrago egiteko, pertsonak elkarrengana hurbiltzeko eta denok herritar egiten gaituen Gizarte Eredua defendatzeko. Krisiaren eraginari sistemaren murrizketen ondorioz sortu daitezkeenak gehitzen badizkiogu, gizarte-haustura baterantz joan gaitezke; ingurune hori gero eta indibidualistagoa izango da, pertsonak gero eta bakartuagoak eta ez-solidarioagoak izango dira, eta horren ondorioz, ahultasun eta bazterkeria-egoerak sortzeko arrisku handiagoa egongo da.

5. Behean sinatzen dugun Bizkaiko Elizaren gizarte-erakundeok gure konpromiso pertsonal, komunitario eta instituzionala indartu nahi dugu, pertsona eta talde ahulenen defentsan eta laguntzan. Premiarik gehien duten pertsonei harrera egin, lagundu eta sustatzen dituen Gizarte Eredu baten aldeko apustua egiten dugu, horiek baitira "eraginkorra izateaz gain, kristau-karitateari zentzua ematen dioten jarrerak". Eta indarrak batzen jarraituko dugu, justizia sozialean eta pertsona guztien errekonozimenduan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko lanean ari diren beste eragile batzuekin.

6. Administrazio publikoei premiazko deia egin nahi diegu, beren erantzukizuna den heinean, eskubideak eta ondasunen birbanaketa bermatu dezaten, pertsona ahulenen eta babesik ez dutenen ondoan egon daitezen. Eta politikan eta instituzio mailan erantzukizuna duten pertsona guztiei, beti eta bereziki hauteskunde kanpainaren atarian, beren diskurtsoak gizarte abegitsu eta inklusibo baten defentsaren ildotik bideratu ditzatela.

7. Eta gizarte honetako kide bakoitzari, denok erantzukizun apur bat daukagula gogorarazi: "xume bizi, batzuk, besterik gabe, bizi daitezen".

Erakunde sinatzaileak:

Bidesari Elkartea, Elkarbanatuz Elkartea, Sortarazi Elkartea, Zubietxe Elkartea, Bilboko Elizbarrutiko Cáritas, Iralabarriko Antonio Deuna Jantokia,, EDE Taldea), Adsis Fundazioa, Amigó Fundazioa, Argia Fundazioa, Ellacuría Fundazioa, Itaka-Escolapios Fundazioa, Gizakia Fundazioa, Harribide Fundazioa, Lagungo Fundazioa, Proclade Yapanay Fundazioa, Pasiotar Ahizpak, Karitatearen Alabak, Religiosos Amigonianos, Karitateko Jesusen Mirabeak, Stella Maris.

Bilbon, 2012ko ekainaren 11n.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina