2012/12/08

OLENTZARO ETA MARIJESIAK

Jesus Garitaonandia
Jesus Garitaonandia
             Gabonak ospatzen ditugun hil honek, lekuan lekuko, izen asko hartzen ditu, adibidez, lotazila, ilbeltza, gabonila eta azken baten abendua. Abenduak, barriz, abendu izena abendu-alditik hartzen dau eta abendu-aldiak latinerazko “ad ventus” edo “etor-aro” hitzetik. Izan ere, abendu-aldia Jesusen “etorrera” edo jaiotza prestatzeko aldia da.






Abenduaren 25an ospatzen dogu kristauok Jesusen jaiotza, baina ez Jesus egun horretan jaio zalako (Ebanjelioek ez deuskue data hori emoten), kristauak jentilen aldiko jai bat kristautu ebelako baino.

Ekainaren 25an urteko egunik luzeenak eta abenduaren 25an egunik laburrenak izaten dira. Honexek dira udako eta neguko urteburuak (solstizioak) eta urteburu honetan jaiak ospatzen ziran jentil herrietan. Gure artean, neguko urteburuetan “egubarriaren jaiak” ospatzen ziran eguna luzatzen hazten zalako. Baita erromatarrak ere “eguzki barriaren” izenean jaiak ospatzen zituen. Kristauak “eguzki barriaren” jaia kristautu eben, egun horretan Jesukristoren jaiotza ezarririk, hain zuzen, guri eta munduari argia eta bizia emoten deuskun benetako Eguzkia Jesukristo gure Jauna dalako.



OLENTZARO

Nafarroako Lesaka eta inguruko herri batzuetan, baita Gipuzkoako beste herritxo batzuetan ere, ukatu ezinezkoa da Olentzaroren mitoa oso-osoan sartzen zala neguko urteburuetako jaietan. Hau da, naturaren, pertsonaren eta eguzkiaren berbizkundean. Hori dala-eta, kalerik-kale erabilten dan Olentzaroren irudia, agure zahar, mozkor, tripazai eta arlotearena, urte zaharraren irudia da. Irudi hori erre egingo da “aldi barri” eta bizitza barri baten sartzeko (J.M. Satrustegi).

Neguko urteburuetako mito barregarria ere kristautu egin zan eta kristau izena jarri jakon: Olentzaro. Erdi Arotik datorren ohitura bati jarraituz, abenduaren 17tik 23arte Elizak “antifona nagusiak” abesten deutsoz Jesukristori. Antifonak, barriz, O letrarekin hazten dira: O Oriens (O Eguzki), O Rex (O Errege), O Emmanuel (O Jauna gurekin). Hortik dator gazteleraz esaten dan debozinoa: Nuestra Señora de la O.  Baita Frantzia aldean ere “les O de Noël” edo “les oleries” esaten deutse, hau da, O letrarekin hazten diran antifonen aldia. Euskaraz “Olen-aroa”, “Olentzaroa” (Caro Baroja).



MARIJESIAK

Marijesiak Gernikan
Bizkaian ez zan ezagutzen Olentzaroren ohitura hori. Bizkaian ezagunagoak izan dira “marijesiak” edo marijesien antzerako abestiak. Marijesiak, hain zuzen, Jesukristoren jaiotza aurreko bederatzi egunetan kantatzen diran bertso-abestiei esaten deutsegu. Marijesiak izaten dira Gernika, Muxika eta Arteagan; “Abenduak” Iurreta, Lekeitio eta Ibarrangelun; “Abenduko mutilak” Ean.

Gernikan, adibidez, Gabon gauaren aurreko bederatzi egunetan, bertako herritarrak herriko kaleetan zehar ibiltzen dira euskarazko bertsotan Jesusen jaiotzako historiak kantatzen. Muxikan eta beste inguruko herrietan, baserririk-baserri joaten dira herriko gazteak “marijesiak” kantatzen. Arana Martijaren iritziz, ohitura honek, Erdi Aroko auto sakramentaletan dauko bere jatorria.

 
            Hona hemen estrofa batzuk:

            Abendu santu honetan 
            Kristoren jaiotzia
            Kontentuaren handiz 
            Guztiok poz gaitian.

Eguzki dibinala
            Gauaren gauerdian
            Etorri zan mundura
            Gizonaren antzian.
           
Maria, Jose, Jose, Maria, Jesus, Maria, Jose.

 
EZ GAGOZ BAKARRIK: JAUNA GEUGAZ DAGO

            Aipatu ditugun ohitura guztiok Jesusen jaiotzari begira dagoz. Abendu-aldia Jesusen jaiotza prestatzeko aldia da. Horregatik, abendu-aldia itxaropen aldia da Jauna noiz etorriko itxaroten gagozalako. Jaunaren premian aurkitzen gara. Jauna geure artean eta gurekin behar dogu. Izan ere aspaldi hontan mila arazok ittotzen gaitue, era guztietako arazoak. Egoera ilun hontan, bizitza duinago baten argitasuna eta itxaropena behar doguz. Gabonetan etorri jatorkuna Jainko berbera da geu lako gizon egina. Eta etorri jatorku geuri duintasunez bizitzeko ilusinoa emon nahi deuskulako. Horregaitik, bihotzez esan deiogun elizan abesten dogun eskari hau: Zatoz, Jauna, zatoz lurrera zure herri hau salbatzera.

 
                         Garitaonandia eta Sardui´tar Jesus

                           Begoñako Santutegiko Erretora

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina