2011/02/15

Ingelesez otoitz egiteko: Daily prayer for your MP3 player

Pray as you go web gunean eguneroko otoitzak deskargatu daikezuz dohanik. Musika ederra daukie, eta Jainkoaren Berba entzuteko, sakontzek eta gozatzeko aukera paregabea topatuko dozu.

Review of the day honi esker, eguneroko azterketa egin daikezu. Hartu minutu batzuk Jainkoaren presentzian ipinteko. Eizu froga ! Ez dozu ezer galduko.

Gaur, aste honetakoak mugikorrean deskargatu dodaz eta gero metroan, etxera joango naizenean entzungo dodaz. Kontatuko deutsut.

Agate Deuna

Aurten be, urtero lez, Agate Deuna bezperan Ikastola osoan izan dogu zer ospatu.

Bariku goizean, Ikastolatik urten eta irakasleen laguntzaz, adin guztietako ikasleak, Agate Deuna abesten ibili ziran Bilboko auzoetatik, inguruan pasatzen ziranei Palenqueren aldeko limosna eskatuz.

Arratsaldean, iazko esperientzia ona izan zala eta, ikasle, irakasle, guraso eta lagun talde handi bat alkartu ginan. Ikastolan azken saio orokorra egin ondoren, Agate Deuna abestera urten genduan.

Ikastolan hasi eta Begoñako basilikan, abadeen egoitzan, Mallonako futbol zelaian…abestu ondoren, Santiago plazan Ikastolako dantza taldeak erakutsitako dantza-emonaldia izan genduan. Ikuskizun bikaina, benetan!.

Egunari amaiera emoteko, Alde Zaharreko Plaza Barrira jo genduan, bertan Guraso Alkarteak tortilla batzuk jaten gonbidatu ginduzalarik.

Egun horretan parte hartu genduan guztioi esker, Palenquera jasotako 1.110,83 € bialduko dira.

Eskerrik asko guztioi!

Begoñazpi ikastolako web orritik hartuta

2011/02/08

Jesus, ez dozu eskurik

Jesus, ez dozu eskurik.
Gure eskuak dozuz,
justizia beteko
mundua eraikitzeko.

Jesus, ez dozu oinik.
Gure oinak dozuz,
gizon-emakumeok
maitasunaren
bidean ibiltzeko.

Jesus, ez dozu ezpainik.
Gure ezpainak dozuz,
mundu guztiari
Ebanjelioaren
Barri Ona helarazteko.


Jesus, ez dozu tresnarik.
Gu gauzkazu, gu, eta gure lana,
gizon-emakume guztiok
otso barik senide izan gaitezen.

Emoiguzu, Jauna,
Ebanjelioaren lekuko
izateko dohaina.

Otoitz gehiago ikusteko hemen sakatu

2011/01/21

Jacinto Bátizek gizatasunez bete eban Begoñazpi

Begoñazpik Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko zainketa aringarrietarako unitateko buruari eta Migel Zugaza Prado Museoko zuzendariari emon eutsen ‘Gazte Role Model’ saria. Sarituak ikastetxera bueltatzen dira gazteek euren egitekoaren inguruan egingo deutsiezan itaunei erantzuteko. Jacinto Bátizek komunikatu egiten dau, bihotzetik eta bihotzera hitz egiten dau eta nabarmena izan zan hori atzoko saioan, ikasle batzuk, danak neskak, biziki hunkitu ziralako. Hona hemen Begoñazpiko ikasleen itaun batzuk eta Bátizen erantzunen zertzelada batzuk. Zugaza durangarra joango da gaur ikastolara.

Zelan sentitzen zara azkenetan dagozan gaixoekin lan egitean?

Poz-pozik, itzela dalako, zelan edo halan, gaixo bati laguntzen deutsazunean sentitzen dozun gogobetetasuna. Bizitzako azaleko eta sakoneko gauzak bereizten lagundu deuste gaixoek. Hilten dagoan lagun batentzat, geratzen jakon denporeaz topera gozatzea eta gauza garrantzitsuak bereiztea da printzipalena. Batzuetan, ferekak, musuak edo besarkadak berbak baino garrantzitsuagoak dirala ikasi dot. Norbaitek zuon maitasunaren arrastoa gordetea gura badozue, ez erabili ahozko lengoaia.

Ze iritzi dozu eutanasiaz?

Aurka nago, zainketa aringarrietan lan egitean, baliabide asko daukadalako gaixo batek sufritu ez daian. Hain zuzen be, Erakunde Mediku Kolegialak eta Zainketa Aringarrietarako Espainiar Alkarteak oharra kaleratu dogu, okerreko deitura emon deutsoen “heriotza duinaren legea” kongresuan eztabaidatzen dabenean kontuan hartu daien. Nire ustez, gaixoak, mina kentzen bajako eta bakarrik izten ez bada, ez dau eutanasiarik eskatuko. Hori bai, ez sufritzeko beharrezkoa dauan botika dosia emon behar jako. Baina, halanda guztiz be, gaixoak minez jarraitzen badau, lasaigarria emoten deutsagu. Une horreetan gaixoa bakarrik ez sentitzea da garrantzitsuena.

Harritu zara noizbait gaixoren bat zuongana zelan heldu dan ikusita?

Normalean egoera gatxetan etorten dira. Hara zerk kezkatzen gaituan gehien: batzuetan engainatuta etorten dirala, benetan zer daukien jakin barik eta ezinbestekoa da jakinarazotea, agurtzeko astia izan dagien. Askok esaten deutsu: denpora gehiago baneu...

Zer ikasi dozu urteotan azkenetan dagozan gaixoen ondoan?

Bizitzen, egunean eguneko gauzez gozatzen eta aprobetxatzen ikasi dot.

Bilboko Elizabarrutiko bizkeliza.org webgunetik hartuta