Azaroaren lehenengo egun bietan, kristauok, Santu Guztien eta Hildako Guztien
egunak ospatzen ditugu. Egun bi honetan ohitura dan lez, hainbat jende joaten
da kanposantuetara euren hildakoen hilobiak bisitatzera, lore batzuk eroatera,
kandelak piztutzera eta, fededunak baldin badira, euren alde otoitz bat
egitera. Egun bi honek egun aproposak dira gure heriotzarekin gogoratzeko,
baita gure heriotz ondoren izango dogun “geroaren geroa” hausnartzeko.
Heriotzak eta heriotz ondorenak gizon-emakume guztiok arduratzen gaitu; eta
fededun nahiz fede bako izan, guztioi emoten deuskue zer pentsatu.
Guk gizon-emakumeok barru-barruan daroagun bizi-egarriak eraginda, jakina,
gure bizitzarekin heriotzarekin baino gehiago arduratzen gara. Sekulan hilko ez
bagina lez bizi gara, baina gure bizitzan ezer egiarik bada, heriotza bai,
behintzat. Heriotza, barriz, geroko bizitzaren itxaropen barik, kanposantuko
hilobietako harriak baino hotzagoa izango litzateke. Gainera, heriotz ondorengo
bizitzaren itxaropen barik, ez bizitzak ez heriotzak ez leuke zentzunik izango.
Heriotzarekin dana amaituko balitz, barriz, gizon-emakumeon bizitza porrot
handi bat izango litzateke.
Datorren domekaz ospatuko da Domund eguna, “Fedearen misiolari” goiburupean. Felicitas Martín misinoetarako elizbarrutiko ordezkariak dei egiten deusku “gure eliz errealidadeetan parte hartu eta bertako misiolari alderdian lagundu daigun eta Ebanjelizatzearen Elizbarrutiko IV. Egitasmoaren haritik aukeratutako azpimarrak dinoana gauzatu daigun: hartu eta zabaldu…”.
Misinoen Munduko aurtengo jardunaldiak, Misinoetarako ordezkariaren esanetan, “aparteko esangurea dauka, besteak beste, Vatikanoko II. Kontzilioaren hasieraren 50. urteurrena eta Fedearen Urtearen hasiera ospatzen diralako”
Misinoetarako ordezkaritzak lagungarri batzuk egin ditu, domekaz ospatzen dan jardunaldiaren inguruan, jentea motibatzeko eta ospakizunak prestatzeko.
Beste alde batetik, ordezkaritzak aurreko urteari jagokozan kontuen laburpena argitaratu dau, Domund egunean, Sorterriko bokazinoen egunean eta Ume misiolarien egunean batu zan diru-kopuruaren barri emonez; guztira, 389 mila euro baino gehiago izan ziran.
Aita Jose Maria Arizmendiarrieta Markinarraren dohatsu autortzea aldarrikatzen dauan batzordeak Ebanjelizazino barriari buruzko Sinodoan parte hartzen diharduen bederatzi gotzain eta auditore batuko ditu gaur. Ekitaldian, besteak beste, “Justizia eta Bakea” Aita Santuaren Batzordeko kardinal presidenteak, On Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak eta Juan Manuel Sinde kausa aldarrikatzen dauan batzordeko eta ekonomia gaietarako Bilboko Elizbarrutiko batzordeko kideak parte hartuko dabe.
Aita Arizmendiarrieta
Jose Maria Arizmendiarrieta abade bizkaitarrak sortu eban ‘Mondragon Taldea’. Gaur egun, berau da euskal enpresa-talderik handiena, larogeta hiru mila behargin baino gehiago daualarik.
Gasteizko Seminarioan ikasi eban eta Arrasateko JOC eta Ekintza Katolikoa mobimentuetako gazteen osoko heziketaren alde eginez, Elizaren doktrina sozialaren printzipioetan oinarritutako enpresa ereduaren sorrera bultzatu eban eurakaz batera. Azken batean, hauxe zan suspertu gura ebana: “langilearen duintasuna eta bere erantzukizuna eta partaidetza; lanari lehentasuna emon kapitalaren gainetik eta guztion ongizatea nabarmendu, bakarkako probetxuaren aurretik”.
2006.eko martxoaren 21ean emon jakon hasierea kanonizazio prozesuari Donostiako elizbarrutian. 2009. urtetik aurrera, kausa ‘Positio’ lez ezagutzen dana, hau da, hautagaiaren santutasun tesia proposatzen eta argumentatzen dauan agiri luzea, amaitzen dihardu.
Abadegai gazte ginelarik pozgarri izaten zan guretzat
oporretako eguntxo batzuk Iparraldean pasatzea hango jendea, herriak eta giroa
ezagutzeko. Urte baten, gainera, aukera zoragarria izan genduan gure
Lehendakari Agirre bisitatzeko. Ondo gogoan dot; bera hil baino hila bete
batzuk lehenago izan zan. Donibane Lohitzuneko eliza ondoko etxetxo baten
egiten zituan bere oporrak eta, hantxe, hain zuzen, bisitatu genduan eta
berarekin berbetan egon ginan lagun bi. Egia esan, ahaztu ezinezko ikustaldi
zoragarria izan zan guretzat. Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako lehenengo
Lehendakaria pertsona lez, kristau lez eta politikari lez gizon miresgarria
izan zan. Bainabadakit gure
Lehendakariaren kualitate eta birtuteak azaltzeko ni baino pertsona
trebeagoak izango dirana.
Horregaitik artikulu labur honetan nik bere kristau bizitza aurkeztuko dot;
baita Begoñako elizearekin izan zituan harreman batzuk ere.
Kristau familia baten jaio zan. Bera hamar seme-alaben
artean zaharrena. Batxilerreko ikasketak Urduñako Jesuiten ikastetxean egin
zituan. Gero Deustuko Unibertsitatera pasatu zan eta 21 urtekin amaitu zituan
Zuzenbide Zibileko Ikasketak bikaintasunik haundienarekin.
Harritzekoa da, baina gazte-gazte zala ardura biziz bizi
zituan fede arazoak eta Eliza Katolikuaren Gizarte Arazoetako dotrinea. Urte
askotan Bizkaiko Ekintza Katolikuaren presidentea izan zan. Urtero-urtero
gogojardunak egiten zituan Loiolako Gogarte-etxean. Bizkaiko eta Nafarroako
Diputatu zala, Madrileko Gorteetan kristau fedea, erlijioen libertatea eta
Eliza Katolikuaren gizarte arazoetako dotrina argi eta garbi defendatu zituan.