2011/03/27

Sakramentuak

Orain dala gutxi, dbh 2. mailako erlijio ikasleei sakramentuei buruzko lan bat euskeraz egitea esan neutsen. Orokorrean lanak oso oso eskasak izan dira. Aurkezpenetan agertutako informazioa oso urria eta akatsez beterik egoan. Esate baterako, hiru taldeetan ezkontza sakramentuari buruzko aurkezpenak agurrekin hasten ziran (“despedida de soltero/a” dalakoan), soinekoen eta gonbidapen garrantzia azpimarratzen zan, eta ezti bidaiak aukeratzeko aholkuekin amaitzen ziran… sakramentua berba be ez zan inondik inora agertzen…

Argi eta garbi, lanak ebaluatzean notak oso baxuak izan ziran eta ikasleen betiko kexak: interneten ez dago euskarazko erlijioari buruzko informaziorik. Eta kasu honetan ikasleek arrazoia eukien. Wikipedian “sakramentu, sakramentua, sakramentuak” berbak ez ziran existitzen. Wikipediatik kanpo ez egoan informazio handirik; esate baterako, Eliza Katolikoaren Kristau-bidea edo katixima ez dago euskaratuta.

Honen aurrean zer egin? Itxaron? Edo itzuli? Azkenean Eliza Katolikoaren Kristau bidean agertzen diran sakramentuen laburpenak itzuli egin nebazan eta site barri batean eta euskarazko wikipedian batu dodaz. Hona hemen:

https://sites.google.com/site/sakramentuak/

http://eu.wikipedia.org/wiki/Sakramentu

Lan gogorra izan da eta bakarkako lana izan danez baliteke akatsaren bat egotea. (Bat baino gehiago) Mesedez halakoren bat egonez gero Komentarioetan idatzi eta zuzenduko dot. Eskerrik asko zure laguntzagaz.

2011/03/25

Bai Bizitzari !!

Arratsaldeko zazpietan, Santiago katedralean

Gotzaina izango da gaur buru Biziaren aldeko Eukaristian

On Mario Izeta Bilboko gotzaina izango da gaur, martxoak 25, barikua, arratsaldeko zazpietan Santiago katedralean ospatuko dan Eukaristian, Biziaren aldeko Jardunaldia dala-ta. On Mario Izeta kide dan Familia eta Biziaren Babeserako Gotzainen Batzarreko Azpibatzordeak “beti dago bizitzeko arrazoiren bat” izenburudun mezua egin eta zabaldu dau.

Gotzainek, Jardunaldi honetarako idazkiaren hasieran, zera gogoratzen deuskue: gizaki bakotxaren bizia sagaratua dala eta “persona bakotxa bere aintzaren irudi izan daitela eta bere Semeagan danak bere seme-alaba izan daitezala nahi izan dauan Jaungoikoaren betiereko maitasunean dau bere sorrera. Horregaitik, bizia ondasuna da eta bizia zaintzea betebeharra”. Euren idazkian, ondorengoa nabarmentzen dabe: “halanda be, gaur egun, Jaungoikoak hemen eta betikotasun guztian maite dauan giza bizitzaren handitasun eta edertasuna ez estimatzera garoazan iluntasuna dago. Argi falta honek –dinoe gotzainek-, sortzen dan unetik bertatik, gizakiaren duintasun pertsonalaren autormenean eragiten dau, abortuaren azken legean barriro be ikusi dogunez, krimen hau eskubide bihurtzen daualarik”.

Bizkeliza.org webgunetik hartuta

2011/03/01

Begoñazpi ikastolatik Boliviara

Pasaden barikuan, Begoñazpi ikastolan erabiliko ez doguzan ordenagailu batzuk Boliviara bialdu genduazan, menetarren S.A.L. gobernuz kanpoko erakundearen bidez.

S.A.L. 1992an sortu zan gazte batzuek Culipran eta Llay-Llayn (Txile) egindako lankidetzari esker. Gaur egun “Hirugarren Mundua” dalako horretan zenbait garapen proiektu burutzen dabez. Hego Amerikan (Txile, Bolibia) eta Indonesian bereziki Garapenerako Laguntzarekin lotura daben proiektuetan lan egiten dabe. Lurralde hauetako behartsuenekin hezkuntza-lana egiten dabe, bertako umeekin zein hauen gurasoekin garapena errazteko eta hezkuntza-tresnak emateko. Urtero bezala EDUKIONTZI SOLIDARIOAREN kanpaina egin dabe, eta honen barruan ikastolak emondako laguntza kokatzen da .

Eskerrik asko Begoñazpi ikastolako ikt arduradunei (Joserra eta Ainoa), baita Nerea Bilbaori, eskuzabaltasuna hain azkar erakusteko prest agertzeagaitik. Barriro, teknologia barriak giza garapenerako ipini behar dirala erakutsi dozue, edozein muga apurtzen. Bihotz bihotzez, Boliviako lagun barrien izenan:
Mila esker !!!